
Astelehen honetan gertatu zitzaigun, irailaren 3an.
Kaiko ontzia hartuta, hor joan gara bi txikiekin Santa Klarara. Uhartera iritsi eta bazter batean jarri gara.
Itsasoa harro dabil. Olatuek gogor jotzen dute eta kolpe horietako batek harrapatuz gero, aberia polita egin daiteke. Gurutze Gorriko sorosleak abisu ematen dabiltza kaiko malekoitik uretara saltoka dabilen ume eta gazte tropelari, garrasi batean. Euskaraz hitzik ez.
Orduan galdetu digu seme kozkorrenak, uhartera heldu garenetik sorosleei begia gainetik kendu gabe ibili baita, orain aginduei arreta jarrita: “hemen euskaraz egiten da?”.
Zentzua du galderak: malekoitik saltoka dabiltzan ume eta gazteen zalaparta gaztelaniaz da erabat, eta nagusitasun hori sendotzera, arrazoi ematera, ofizialtzera dator sorosleen ahots elebakarra. Gure ondoan gu bezalako familia batzuk euskaraz ari diren arren, umearen irakurketan ez dago gezurrik: hemen erdaraz egiten da.
Heldu da bueltatzeko garaia, eta sorosleetako bati galdetu diogu zenbatero etortzen den ontzia. Orduan ezustekoa: sorosleak aise egiten du euskaraz, Goierriko du airea. “Abisu guztiak erdaraz emanda, erdalduna hintzela pentsatu diagu”, esan diogu, eta berak, oilartuta, ume eta gazte guztiek erdaraz egiten dutela, eta hor erdaraz egitea tokatzen dela. Horratx: euskaraz zalaparta gutxi egiten dugu nonbait.
Heldu gara etxera eta jarri diogu kexa Gurutze Gorriari: ez al dago protokolorik, berez batere hizkuntza kontzientziarik ez dutenak ere gutxieneko zerbaitera behartzeko?
Etorriko da noizbait erantzuna. Gure ondorioa garbia da: sorosleak euskaldunak ziren, baina onak ez, behintzat.
Alberto Irazu (Egia)