Suhiltzaileak sutan
Jakina da Donostia ekitaldi jendetsuen hiria dela: hondartzak, surfa, musika kontzertuak, Zinemaldia, futbol eta errugbi partidak, Kontxako estropadak, Donostiako Klasikoa, Donosti Cup, Behobia-Donostia…
Baliabide asko bideratzen dira ekitaldi hauetara, baina gutxi zaintzen dira behar beharrezkoak diren zerbitzuak, baita ekitaldi hauek denak aurrera ateratzeko ezinbestekoak direnak ere. Tartean gurea, PSISa, Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu zerbitzua. Ez da garatu gaur egungo gizarteak eta teknologiak eskatu bezala, eta ezarritako gutxieneko ratioak dira horren adibide nagusia. Donostiako hamaika suhiltzailek 265.000 biztanleri ematen diote zerbitzua, txanda bakoitzeko; hau da, suhiltzaile bakarra dugu 24.000 biztanleko. Kontuan hartu behar da Donostiaz gain, Donostialdeari ere ematen diogula zerbitzua —orotara Gipuzkoako biztanleriaren %36— eta udalak 1.750.000 euro jasotzen dituela urtean Gipuzkoako Foru Aldunditik, zerbitzua zon zortzi herri horietan emateko.
Bistakoa da gure inguruko datuekiko oso urrun gaudela: Gipuzkoan 37 dira gutxieneko suhiltzaileak, eta Bilbon 28; 12.000 pertsonako bat, batean zein bestean.
Hori gutxi balitz, lau hilabete daramatzagu zuzendari berririk izendatu gabe, zazpi inspektore buru (PSISeko kargu tekniko gorena) plaza bete gabe, eta komunikazio zentraleko operadore bakarra dugu txanda gehienetan. Ildo beretik, langile bakarra dugu prebentzioan eta dibulgazioan lanean, eta ezinezkoa du ikuskapenak egitea, lan karga dela eta. Era berean, bi langile ditugu babes zibileko arloan, eta ekitaldi kopuru handiaren ondorioz, ezinezkoa dute gainerako prebentzio lanak egitea.
Horrek guztiak antolamendu kaosa, prebentzio lanen ezintasuna eta murrizketa larriak dakartza, baliabide ekonomikotan nahiz giza baliabidetan. Are gehiago, kontuan izanda UNESPA aseguru elkarteak ia 1.000.000 euro ematen dizkiola Donostiako Udalari —PSIS zerbitzuan erabili beharko lukeena (sententziak daude)—. Hala ere, udalak aurtengo inbertsioen kapituluan 0 euro bideratu ditu gure zerbitzura.
Suhiltzaileok eskatzen diegu Martin Ibabe zinegotziari eta arduradun nagusi den Eneko Goiari orain arte erakutsi duten PSIS zerbitzuarekiko utzikeria eta jarrera arduragabea utzi, eta erantzun arduratsu bat eman dezatela; alegia, helburuak aztertu eta ezarri dezatela plan estrategiko bat epe motz, ertain eta luzera, egungo esku hartzeei (sei egun bakoitzeko) zein etorkizunekoei tajuz erantzuteko. Lantalde operatiboa handitu dezatela, eta diru inbertsioak egin ditzatela ibilgailuetan, materialetan eta instalazioetan.
Ez dugu onura pertsonalik eskatzen; larrialdiei profesionaltasunez erantzun nahi diegu.