'Txerria, balea eta agintaria'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Ez dakit pozteko edo kezkatzeko arrazoia den, baina aste honetako protagonista nagusiak bi animalia izan dira; txerri bat eta balea bat. Agian ez da kasualitate hutsa.
Krisi garaian, gero eta sinesgarritasun gutxiago du gizakiak, botere gunetan dagoen ordezkaritik hasita; politikariak, bankariak eta enpresariak, kasu. Jendea haserre dago, herritarren kopuru handi bat ezinean da, egoera konpondu behar duen horrengan inolako konfiantzarik gabe.
Halako teistuinguruan, Tomaxik behintzat irrifar bat atera die donostiarrei. Santo Tomas eguneko txerria Leitzako Arro baserrian da, abenduaren 21ean Konstituzio plazara etortzeko prest. 325 kilo ditu, bizia eta bihurria da, baina ez da susmagarria, inondik inora, beste batzuk ez bezala.
Irrifarra eragitea ez ezik, animaliek ere gupida eragiteko gaitasuna dute. Kontxako hondartzan hildako baleak, ikusminaz gain, samindura ere piztu du bertatik bertara ikusi dutenen artean. Hamabost metroko luzera eta bederatzi tona inguruko pisuko ugaztunak gizaki asko baino enpatia gehiago sortu du, eta hori hirian 24 ordu besterik ez dela egon; hobe ezezagun zintzoa ezagun maltzurra baino, pentsatuko dute zenbaitek.
Jendea nazkatuta dago eguneroko albiste txarrekin, egunero errepikatzen dituzten promesa hutsekin, Irutxuloko Hitzako irakurleak ere bai. Hain zuzen ere, azken aldian, egunkariaren webgunean bisita gehien jasotzen dituzten berriek gai freskoak dituzte hizpide, errealitate gordinetik aldentzeko aukera ematen duten horiek. Ez da harritzekoa, agintaria baino, txerria eta balea nahiago izatera iritsi baitira herritarrak.