Txillardegi, ekologista eta animaliazalea
Txillardegi pieza bakarreko gizona zen, dudarik gabe. Baina bat eta bakarra zen arren, haren baitan Txillardegi asko zituen, matrioska baten antzera. Horra hor Txillardegi abertzalea, Txillardegi literaturgilea, Txillardegi hizkuntzalaria… eta Txillardegi betiere euskaltzalea, jakina. Zorionez, Txillardegi horien guztien bertute eta ekarpenak agerian utzi dituzte aditu eta lagun askok, eta agerian uzten jarraitzen dute. Guk, berriz, hura hil zeneko 5. urteurrena Txillardegi Liburutegia herri ekimenari esker gogoratzen ari garen honetan, bertatik bertara ezagutu genuen «beste» Txillardegi bat ezagutarazi nahi dugu, Txillardegi ekologista eta animaliazalea.
1994an, Euskal Herria helburu-n, Txillardegik honako hau idatzi zuen: «Naturaren sarraski hazkorrak gizadia bera arriskuan jartzen du». Horren ondorioz, «errotikako ekologismoaren behar gorria» aldarrikatu zuen. Baina, ezaguna denez, Txillardegi bat eta bakarrean, pentsamendu-gizona eta ekintza-gizona banaezinak ziren. Horregatik, pentsatu ez ezik, ekologistok antolatutako ekintzetan ere parte hartu ohi zuen. Zaborrak behar bezala kudeatzearen aldeko edota Abiadura Handiko Trenaren kontrako manifestazio jendetsuetara joaten zen, baina baita askoz ekintza xumeetara ere. Ondo gogoan dugu, esaterako, Caudilla kondearen parkea izandakoaren babesa eskatzeko 1990eko Errege Egun bezperan egin genuen kanpaldi hura. Espazio heze hartan, ia padura bihurtuta, arratsaldean euria atertu ez zuelako, sua nola edo hala piztu eta horren bueltan bildu ginen gutxi batzuk. Bada, gutxi haien artean, Jose Luis eta Jone izan ziren beteranoenak, dudarik gabe. Gogoan dugu, halaber, Berioko artea bota nahi zutela eta, luzatu zigun eskua, «espanturik gabe», esan eta egin ohi zuen bezala. Portzierto, bota behar zuten artea, azkenean, etxegileen promozioaren ikur bihurtu zen, eta egun ere hor jarraitzen du, zutik, porlanaz inguratuta nola edo hala bizirauten. Egongo dira beste adibide batzuk, noski, baina Caudilla kondearen parkea (gaur egun, Zubimuxu) eta Berioko artea bereziki ekarri nahi izan ditugu gogora Txillardegiren «haurtzaroko aberrian» gertatu zirelako, Antiguan, alegia.
Baina gatozen berriz harira. Txillardegi ekologista ez ezik animaliazalea ere bazen. Eta animaliazalea zela diogunean ez gara esaten ari zakurrak, katuak edo koloretako arrainak gustuko zituenik, noski. Markos Zapianek nabarmendu duenez (Txillardegi eta ziminoa, 2007), Txillardegik bere lehen ipuinean bertan, Orangutanen uhartea izenburukoan, azaldu zuen lehen aldiz (1957an!) ondoren haren idatzietan behin baino gehiagotan islatu zuen kezka bat: gizakia zein puntutaraino bereizten den ziminoengandik eta, oro har, gainerako animaliengandik. Kontuan izan Pierre Boulleren La planete de singes ez zela plazaratu 1963. urtera arte, eta nobela hori abiapuntu duen lehen film ospetsua, Charlton Hestonek protagonizatu zuen hura, 1968. urtera arte.
Aurrera egin baino lehen, ohartxo bat: orangutan hitza malaysieratik omen dator, zehatz-mehatz Orang Hutan-etik, eta basoko gizona edo basajauna esan nahi omen du. Apustu egingo genuke detaile hori, dudarik gabe zer pentsatua ematen duena, Txillardegiri esker ikasi genuela. Seguru-seguru ezin esan, memoria den bezalakoa delako, baina guztiz bat dator Txillardegi hizkuntzalariarekin. Beraz, se non e vero, e ben trovato.
Nolanahi ere, Orangutanen uhartea-n lehen aldiz azaldu zuen kezka haren ondorioz, Txillardegik bere liburuetan beti erakutsi zuen sufritzen ari ziren animaliekiko erruki nabarmena. Izan ere, askotan entzun eta irakurri dugu Txillardegi humanista zela, eta egia da. Baina haren humanismoa ez zen gizakia eta soil-soilik gizakia unibertsoaren zentroan ipintzen dutenen tankerakoa. Txillardegiren ustez, hori humanismoa baino gehiago «antropokeria» da, eta gizakien eta animalien arteko bereizketa «fanatikoa», berriz, «harrokeria baino ez». Horregatik ezin zuen animalien tortura jasan, eta, ohi bezala, pentsamendua eta ekintza batu zituen: Donostian zezen-plaza berriz ere eraiki behar zutela esaka hasi ziren une beretik antitaurino militantea izan zen. Beste arrazoi batzuk ere izango zituen, noski; azken batean, ez ote dira zezenketak Txillardegiri hain gogaikarri zitzaion Donostia jakin baten ikur nagusietako bat?, alegia, ez ote dira «españolazo kastizoek» amets duten Donostiaren sinbolo? Kontua da ekimen antitaurinoetan gogotik hartzen zuela parte. Aste Nagusiko manifestazioetan, adibidez.
Hasi bezala bukatuko dugu. Txillardegi ekologista eta animaliazalea ere bazen. Gutako bat ere bazen, alegia. Eta horren aitortza gisa edo, Txillardegi Liburutegia herri ekimenaren eskutik eta Markos Zapiain lagun, hitzaldi bat antolatu dugu, gaur, 18:30ean, Donostiako Liburutegiko aretoan. Izenburua? Bai, asmatu duzue: Txillardegi ekologista eta animaliazalea. Gonbidatuta zaudete, noski.
Martin Anso eta Juan Mari Beldarrain, Eguzki talde ekologistako kideak