Unai Elizasu: 'Herri berri bat'
Astearte iluntzea da. Ordenagailuari, kokaleku berri bat eman diot etxean. Ondoan, leihoa dut. Eta leihoaren bestaldean, itsasoaren luze-zabala. Egunsentiak ederrak dira. Ilunabarrak, ederragoak. Ekaitz giroa denean, ederrean beldurgarri.
Itsasoa izugarri maite dudan arren, ezezaguna zait. Ikusten ditut arrantzontziak, portutik irten eta badoazela. Ikusten ditut ere, porturako bueltan, kaioak ontziaren giran.
Eta badira, zenbait ilunabarretan, ontzi mordo bat biltzen dela lehorretik itsas mila batera. Une honetan, 70 bat kolore ezberdinetako argi ikusten ditut. Argi finak zenbaitenak, indarsuak besteenak. Dardar egiten dituzten argiak ere. Arrantzan ari dira. Zer eta nola arrantzatzen duten, ez dut idearik. Akaso sardina, akaso berdela. Antxua, hegaluzea…
Inoiz, hurbildu izan naiz arrandegira eta jarri izan naiz izotz gainean etzanik diren arraiei begira. Eskerrak karteltxoa dutela, eta eskerrak fido naizela karteltxoetaz… baina, nire kontua da edo bada hezkuntza arazoa honen bueltan. Jendeak ba ote daki zer den berdela? Ba ote daki zer den legatza? Atuna eta hegaluzea… Aitortuko dut, hezkuntza sistemaren kritiko bat naizela. Gauza garrantzitsuak ikasten omen ditugu, garrantzitsua hitz subjetiboa dela jakinda, noski. Baina eguneroko gauzen ezagutza handia beharko genuke izan. Eta ez garrantzitsuagoak direlako, egunerokoak direlako baizik.
Ikasi genuen oinetako luze baten antza zuen lurraldea Italia zela… eta zergatik ez dugu ikasi, arrai zapal bat, goikaldean kolore iluneko azala eta begiak ere goian dituenaren izena?
Garrantzia oinarri duten eztabaidek ez didate interesatzen. Baina egunerokenak bai. Eta, ez ote egunerokoagoa, ahora daramagun hori, apenas zapalduko dugun herrialde bat baino?
Halako barne min bat pizten zait barrenean. Jakitea, ez da inoiz alperrik. Baina eguneroko gauza askoren ezagutzik ez izatea, zeozer ondo egiten ari ez geranaren ustea datorkit.
Hor daude itsasontziak. Une honetan, Google Maps-eko sateliteak, argazki bat aterako balu Donostia pare hortan, herri bat badela ikusiko litzake. Izenik ez duen herri bat. Baina, herri bat. Igeldoko goikaldera igo ezkero, hegoaldera eta iparraldera begiratzen jarri ezkero, alde batean zein bestean egongo dira argi kopuru beretxua.
Eztakit arrantzontziak eztabaidan izango ote diren nork leku hobea topatu. Ez dut uste halakoak direnik. Ez ditut imaginatzen mokoka, haserre. Ez ditut imaginatzen elkarri traba eginez.
Goizeko 6:30ak dira. Eguna esnatzen ari da. Bart gabeko herria desagertuz doa. Azken baporeak badoaz porturantza. Ez ditut lasterketan sumatzen. Ez ditut aurreratze arriskutsuan doazenik ikusten. Elkarrekin doaz. Porturantza, elkarrekin.
Aldian behin, herri berri bat sortzen da itsasoan, eta itsasoarekin. Eta gu, bitartean, egunerokoarekin zer ikusirik ez duten ustezko gauza garrantzitsuetan murgilduko garen herri izaten jarraituko dugu.