Wellington Donostian
Angel Rekalde
Wellingtongo dukea iruditeria kolektibora handitasunaren lorian igaro den pertsonaia horietako bat da. Ingelesek badakite saltzen. Agerikoa da Historia garaileek idazten dutela; horren erakusgarria da gure txikitako heroi bat Arabiako Lawrence izatea, otomandarren inperioa garaitu zuen dinamitari zuhurra. Eta miretsi egiten genituen Morgan pirataren abenturak; Port-au-Princeko lapurra eta arpilatzailea zen, baina baita Jamaikako gobernadorea eta Inperioaren Errege Ordenako zalduna ere. Zibilizazioari eta kulturari begira, British Museum delakoa salbatzaile-lanetan aritu da; izan ere, han gordetzen dira Egipton eta Grezian ingelesek egindako espolioaren erakusgarririk onenak, Gizateriaren (eta Altxor britainiarraren kontuen) onerako, noski.
Horrelako zerbait gertatzen zaigu Wellingtongo dukea zen Arthur Wellesleyrekin. Indiako filibusteroa –non ahal bezainbat lapurtu baitzuen-, Donostiaren erreketa eta suntsiketaren errudun zuzena, Waterloon Napoleon bera garaitu zuen estratega bikain gisa geratu da memorian, ordea. Historiako figura erraldoia dugu. Nola eskatu halako lord handiari konturik, hiri txiki galdu batean egindako bihurrikeriak direla-eta!
Alabaina, ongi pentsatuz gero, gauza bitxia da. Wellingtonek Donostiari egin zion bisita Atilaren zaldiaren gorabeherekin pareka dezakegu, igarotzen zen tokian belarra desagerrarazten zuen animaliarena bezalakoxea izaki. Eta, hala ere, ez dugu ia ezer gogoratzen izugarrikeria hartaz. Tradizioak festa, alaitasun eta zaratarako egun bihurtu du abuztuaren 31.
Orain hasiera emango diogun urte honetan, donostiarrei zoritxarra eta hondamendia ekarri zien data haren bigarren mendeurrena beteko da. Oroimena berreskuratzeko, Iñaki Egañak liburu bat argitaratu du (Donostia, 1813, Txertoa, 2011), eta bertan jasotzen ditu oinarrizko datuak, garai hartako testuingurua, gerra napoleonikoak, sutea, militarrek herritarren aurka erabilitako indarkeria… Literatur-estilo arinaz, sarraskiaren aurrekariak kontatzen dizkigu Iñakik, eta iraultza frantseseraino egiten du atzera, Godoyk euskal foruak deuseztatzeko egin zituen saioak azaltzen dizkigu, eta halaber, Konbentzioaren gerra, Gipuzkoak Errepublika frantsesarekin bat egiteko egin zuen adierazpena, “1.200 urtearen aurreko bere jatorrizko independentzia erabiliz”…
Egañaren kontakizunak gai asko biltzen ditu. Herrialde osoan armak hartu eta altxa ziren gerrilariez dihardu eta, Minatarren eskutik (osaba-ilobak), armada napoleonikoari aurre egin ziotenez. Jose Bonaparte erregearen erretiratzea azaltzen du, Gasteizen garaitua izan ondoren, ihesaldian bitxi eta arte-lanetan izugarrizko altxorra galdu baitzuen, penintsulako bere agintaldian arpilatutakoa salbatu nahian.
Beste zenbait pasadizo ere kontatzen dizkigu Iñakik. Adibidez, garai hartako asmakizuna zen bala gorriarena; egia esan, ez dakigu iruzur hutsa izan zen, ala benetan bolborategia leherrarazi eta azken erasoari bidea ireki ziona. Edota harresia hautsi zen Bretxaren istorioa, zuloa ez baitzen, uste den bezala, bakarra izan, gehiago baizik. San Martzialgo guduaz ere hitz egiten digu, zeina abuztuaren 31 hartan ere gertatu baitzen, Soult jeneralaren tropak Donostiara hurbiltzen saiatu zirenean setiatuta zeudenei laguntzeko; porrot egin zuten, ordea. Eta xehetasunez kontatzen dizkigu tropa ingeles eta portugesen izugarrikeriak eta gehiegikeriak; izan ere, hirian etsaien lurraldera bezala sartu ziren eta heriotza, lapurreta, bortxaketa eta sutea eragin zuten nonahi. Egañaren galdera da nork erabaki zuen mendeku hura, nor izan ziren azken erantzuleak. Lehen instantziako epaileak egindako ikerketa jasotzen du liburuan, eta baita bizirik irtendakoen lekukotzak ere; azken horien arabera, kriminalen beraien ahotik entzun zuten Castaños jeneralaren aginduak betetzen zituztela…
Azken batean, liburu arina, interesgarria, eta irakasbidea ere badena. Jeneral ustel bat, eskrupulurik gabekoa. Eta historia ikaragarri bat, gurea, bi mendetako distantziatik begiratuta.