Xabier Etxaniz Rojo: 'Nireak'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
“Talde onenetan jokatzea erronka polita da, baina badago hori baino askoz ere erronka politagorik: talde horien kontra jokatzea eta irabaztea. Ni horretara dedikatzen naiz” (Matthew Le Tissier, Southampton-eko jokalaria)
Nire talde kutunen zerrenda bitxia da oso.
Rayoren zalea naiz Anoetan bere zaleak “Hola don Pepito, hola don Jose” kantatzen ikusi nuenetik. Bai, badakit ez duela une gogoangarria ematen, baina niri txalogarria iruditzen zait 90. minutuan 4 eta 0 galtzen joatea eta horrelako umorea edukitzea. Berriki, “Somos pobres con orgullo, con cojones como puños” zioen pankarta bat erakutsi zieten Real Madrileko jokalariei eta horrek Rayorekiko nire miresmena eta errespetua handitu du.
Hanburgoko Saint Pauli auzoko taldearen jarraitzailea ere banaiz. Izan ere, faxismoaren, sexismoaren eta arrazismoaren kontrako futbol taldea baita. Eta hala jasotzen dute euren estatutuetan. Lastima orain pare bat urte 2. mailara jaitsi izana!
Roberto Fontanarrosak idatzitako “Viejo con arbol” izeneko ipuinak Rosario Central-en zale bihurtu ninduen. Egia da ez dudala sekula haien partidarik ikusi, baina egia da, halaber, munduko futbologo guztiok zorretan gaudela Fontanarrosarekin, berak irakatsi baitzigun futbola zer den. Bere talde kutuneko zalea izatea nire zorraren partea ordaintzeko modua da.
Hemendik aurrera, Southampton taldekoa ere izango naiz. Talde handien kontra jokatzera eta galtzera dedikatzen diren jokalariak baitira nireak. Talde handien kontra jokatzera eta hamar urtean behin irabaztera dedikatzen diren horiek.
Eta horiek nireak baitira, hamar urte barru, harro gogoratuko dut ezen, galdu genuen arren, 180 minututan Manchesterreko aurrelariak ez zirela gai izan gure sarea behin ere zulatzeko, penalty bat gelditu geniela, zutoinek lagundu zigutela, eta partida beraien arean sartuta bukatu genuela.
Bai, guk gogoratuko dugu. Haiek ez.
Le Tissier jauna bat etorriko da nirekin: urtero auskalo zenbat “mendeko partida” jokatzeak memoria ahuldu behar du derrigorrean.