Xabier Lopetegi: 'Ilusio izpiak'
Xabier Lopetegi, Kazetaria
Alde batera utzita benetako dream team-a Jordan, Magic, Bird eta enparauek osatu zutela, beste kirol bateko magoek, alegia, ondo gogoan dut ere futboleko bertsioa, 90ko hamarkada hasieran Bartzelonak ordezkatu zuena. Hamar urte inguru edukiko nituen zeresana ematen hasi zenean. Bere izarren artean, liluratuen nindukan Stoitxkovek. Eskolako futbol taldeko erdilari gisa falta zitzaizkidan dohain guztiak zeuzkalako, akaso. Niretzako nahi nituen gaitasunak.
Ni ere ezkerra nintzen, baina juxtu-juxtu ailegatzen nintzen areara kornerra ateratzerakoan. Hark, aldiz, sekulako zartakoak ematen zizkion baloiari, eta baita maisuki loratu ere. Abiadurarik ere ez nuen. Hark, berriz, nahi bezala uzten zituen atzean aurkariak. Eta zer esan nortasunaz… Futbolari frustratu honek ez zuen txintik ateratzen entrenatzaileak partida guztitan atsedenaldian aulkira bidaltzen zuenean. Aurkariak edo epaileak estu hartzeko kemenik ere ez zuen. Zerikusirik ez bulgariarraren kastarekin, izaera zakarrarekin, gaizto paper erakargarriarekin.
Laudrup, Romario eta beste batzuei erreparatzen nien batzuetan, baina ezin konparatu Stoitxkovi nion miresmenarekin. Hori bai, Eusebiori buruz, arrastorik ez. Garai hartan, existituko ez balitz bezala zen niretzat. Urteekin, ikusi nuen futbolari txukuna zela, zuzena, langilea, eta aitortza merezi zuena. Baina txikitako oroitzapen berezirik ez dut haren inguruan. Eta ez dirudi Jokin Aperribairi ere ilusio berezia pizten dionik. Ez, behintzat, haren aurkezpenean zuen bisai tristeari erreparatzen badiogu. Iltze batek bestea ateratzen duela esan ohi da, baina badirudi artean desamodioa gainditu gabe zuela Realeko presidenteak.
Moyes alfonbra gorria zapalduz eta parafernalia galaktikoarekin iritsi baldin bazen, ateko atzetik sartu da Eusebio. Zalapartarik gabe. Inor gutxi zoratu du pozez haren fitxaketak. Baina, kontuak kontu, aste bakarra nahikoa izan du taldeari bere ukitua emateko, jokalariei konfiantza itzultzeko eta haien dohainen araberako joko eredua ezartzen hasteko. Evertonen arrakasta eman zion formula errepikatzen saiatu zen Moyes, baina mendira takoiekin joatea bezalakoa zen hori. Dituen jokalariekin, baloia behar du Realak. Bai erasoan hazteko, eta baita defentsan ez sufritzeko eta bere fisiko ahularen menpe ez gelditzeko ere.
Partida bakarra izan zen, eta ez da komeni erabateko ondoriorik ateratzea. Egutegi nekeza du taldeak aurretik, eta denboraldia txukun antzean libratzea ontzat emango nuke. Baina abiapuntua ez zait batere txarra iruditzen. Txikitan jokalari gisa piztu ez zidan ilusioa entrenatzaile gisa piztu dit Eusebiok. Iraun dezala!