Xabier Lopetegi: 'Konfiantza'
Konfiantzarik ez baduzu, beti aurkituko duzu ez irabazteko moduren bat». Carl Lewisen esaldi honekin egin nuen topo sarean, artean Realak Bartzelonaren aurka egindako partida gogoangarria burutik kendu ezinda nenbilela.
Zeinen inportantea den norbere buruan sinistea! Edo, beste modu batera esanda, beldurrik gabe aritzea. Egunerokoan, eta kirolean. Gaizki emango du pasea kikilduta jokatzen duen futbolariak; txapapera botako dejada pilotariak; labur jaurtiko hirukoa saskibaloilariak. Nekez irabaziko du esprinta federik ez duen txirrindulariak, eta zangoetan beruna balu bezala korrituko maratoilariak.
Ez naiz, ez, Impossible is nothing-en gisako esloganek islatzen duten filosofia merkeaz ari. Ez naiz, ez, arrakastarik lortu ez badugu, lanean, amodioan edo edozein arlotan, gure erruagatik dela sinetsarazi nahi digun diskurtso posmoderno faltsuaz ari ere. Jakina mugak badaudela. Jakina baldintzak daudela. Batzuk naturak jartzen dizkigu. Besteak, inposatu egiten dizkigute. Konfiantzak ez ditu horiek guztiak ezabatzen, baina erabakigarria da norbere dohainei etekina ateratzeko.
Konfiantzari esker lortzen du, batzuetan, arrain txikiak arrain handia jatea. Konfiantza da erromatarrei egurra emateko edabe majikoaren osagai nagusia -hala ikasi genuen Asterix irakurtzen-. Konfiantzak eraman zuen Reala nire 35 urteetan ikusi diodan erakustaldi handienetako bat egitera, Bartzelonaren aurka.
Igandeko partidak ez du titulurik eman. Ezta hiru puntuak ere. Merezi du, ordea, duen balioa aitortzea. Izan ere, eskuarekin zenba daitezke azken hamarkadan, eta baloi jabetzan nagusituz, Bartzelona hankapean hartu duten taldeak. Realak eman zion astindua, presioan egin zuen lana, defentsa erakutsitako dotorezia…. ez ditugu berehalakoan ahaztuko, oso nozean behin gertatzen direlako halakoak.
Zergatik ematen du Yurik Roberto Carlos azken norgehiagoketan? Zergatik dago, Real Madrilen oharkabean igaro zen mutrikuar gaztea, Ligako erdilaririk onenen artean? Zergatik ari da kristalezkoa omen zen Zurutuza aurkari guztiei fisikoki gailentzen? Zergatik dira iragana Rulliren zalantzak? Zergatik dauka, urtebete jokatu gabe eman duen atzelari apalak, Navasek, Beckenbauerren traza? Zergatik dabil William Jose inoizko bolada onean? Magiagatik? Ez. Edo bai. Talentuari, lanari, sasoiari eta joko eredu finko bati konfiantza gehitzearen nahasketa miragarriagatik.
Ez da betirako izango, noski. Iritsiko dira gorabeherak eta estualdiak. Epe motzean, baina, jokalariek aukera aparta dute, Ligako ohorezko postuei eusteaz gain, Espainiako Kopari lotutako mamu beltzak uxatu eta, bide batez, konfiantzaren sua hauspotzeko. Egurra!