Xabier Lopetegi: 'Lana'
Xabier Lopetegi; Kazetaria
Beharbada izan duzu, IRUTXULOKO HITZAko irakurle, Cancun ezagutzeko zortea. Irin zuriz osatuak diruditen hondartza amaigabeak, ur gardenak, koloretako arrainak –geroz eta gutxiago-.
Giro epela, palmerak, gogaitu arte jan eta edateko eskubidea ematen duten eskumuturrak. Chichen Itza eta cenoteak. Turista andana eta hotel erraldoiak.
Egona ez bazara ere, irudikatuko zenuen noizbait zure burua bertan, bidaia agentzia bateko eskaintzen kartelei, edo aldizkariren bati begira.
Bizitzaren plazerrez gozatzera gonbidatzen zaituen paradisu horretan jaio zen Carlos Vela. Futbolari aparta, ezker hankan truku sorta amaigabea duen magoa. Aukeratuen talentuaz hornitua. Elkarrizketarik ez du ematen mexikarrak. Prentsa aretora ere, oso noizean behin irteten da. Bere buruaz hitz egin duen aldi apurretatik, ondorioztatu daiteke, futboletik bizi arren, futbolerako ez dela bizi.
Kirolari profesionala izanagatik, bestelako lehentasunak ei dauzka Velak. Alegia, ez duela beste askok duten baloiarekiko pasioa, irrika edo gosea.
Itxuraz, Estatu Batuetako liga du begiz jota mexikarrak. Han kokatzen dute zurrumurruek epe motzean. Eta ez da harritzekoa: dirutza irabazi, eta exijentzia eta presio gutxiko lehiaketan jokatuko luke. Etxetik gertu izango litzateke, gainera.
Donostiako zikloa amaitutzat ematen du, itxura guztien arabera, eta halakoetan ez dago atzera bueltarik. Dramarik ez. Lehenbailehen onartu, etekin ekonomikoa ateratzen ahalegindu, eta aurrera. Inor ez da ezinbestekoa Realean. Are gutxiago bere bertsiorik pattalenean.
Egiari zor, esan behar da Velaren nortasun bitxia gure onerako izan dela orain dela gutxi arte.
Hiru urtez Mexikoko selekzioan jokatzeari uko egin dionean, esaterako, arrazoi pertsonalengatik –Realean burubelarri aritzea luxua zen klubarentzat–.
Are gehiago, beste batzuen lehiakortasuna eta grina eduki izan balu, sekulan ez zen iritsiko gurera. Europako erraldoietako batean jokatuko zuen aurrelariak.
Vela Vela da. Bere gauza onekin, jenialtasunarekin, eta baita bere ahuleziekin ere.
Artista beti da artista. Baita sasoiz kanpo dagoenean, eta bolada antzua daramanean ere.
Horregatik erabaki zuen Eusebiok Las Palmasen aurka, atsedenaldian, Vela zelairatzea. Baina alferrik.
Beste behin, Espainiako Kopako ibilbidea lehen geltokian amaitu da.
Velaren ezker hanka baino askoz ere helduleku sendoagoa beharko du taldeak denboraldia duina egiteko eta arazoetan ez sartzeko. Hego haizea dugu nagusi, baina uda urruti da oraindik. Utzi mojito eta hamakak zaleon kontura, eta ekin lanari, mutilak!