Xabier Lopetegi: 'Malkoak'
Xabier Lopetegi, Kazetaria
Ez naiz ETB1en programazioaren zalerik sutsuena, baina gustuko dut katearen azken bideo promozionala, euskaldunon inguruko topikoak ardatz dituena. Txiste eta txantxetarako aitzakia eman arren, topikoak ez baitira brometako kontua. Gauza gutxi daude gugaz ditugun aurreiritzi okerrak barneratzea bezain arriskutsuak.
Ez gara negar egitekoak, dio iragarkiak ironiaz. Eta erruz egin zuen negar Ion Ansotegik bere agurrean. Malkotan blai, zotinka, hautsita aurpegiko keinua…gutxitan ikusi izan da gurean halako emozio erakustaldi publikorik.
Zakarrak, hotzak, gogorrak omen garelako. Zuhurrak eta neurritsuak. Eskemak apurtzen dizkigulako, oraindik, norbaitek jendaurrean barrenak hustea. Topikoa ez delako topiko huts.
Hunkigarria izan zen Ansotegiren prentsaurrekoa. Benetakoa zelako. Ez zegoelako hor kalkulurik, prestatutako gidoirik, eszenaratzerik. Postureoa nagusi den honetan, eskertzekoak direlako autentikotasuna eta espontaneitatea. Diskurtso prefabrikatuen garaiotan, bihotzetik mintzo zelako. Community manager edo prentsabururik gabe.
Ikusi izan ditugu kirol munduan krokodrilo malkoak, bai. Nola ahaztu, Reala jaitsi zenean, Saviok prentsa aretoan sekulako negarrak egin, eta handik egun batzuetara klubari planto egin zionekoa. Bigarren Mailan jokatzeari uko egin zion, zaleengan kontrako itxaropenak piztu ondoren.
Ansotegirena beste kontu bat da, ordea. Reala zer izan den, eta zer izaten jarraitu behar duen, ederki irudikatzen du berrituarrak. Badaude balore batzuk, gure kluba handi egin dutenak: zintzotasuna, umiltasuna, talde lana, sakrifizioa… Talentua maila gorabehera, horiek izan dira taldearen heldulekua eta mamia une zailenetan. «Nire onena ematen, eta besteei laguntzen saiatu naiz, jokatu ez dudanean ere», esan zuen berriatuarrak. Esan eta egin, baita hamar urtez jarraian egin ere.
Pique, Ronaldo eta tankerako divoen umekeria, berekoikeria eta harropuzkerietara ohituta, pozgarria da hemen bestelako idoloak edukitzea. Gaztetxoei harrotasunez erakusteko moduko ereduak. Itxurakeririk gabekoak.
Diruak usteldutako futbol moderno honetan, kirol honekin berradiskidetzen gaituzten jokalariak.
Ikuskizunak jarraitu behar du, ordea. Ziztu batean doa denboraldia eta egutegiak ez du barkatzen. Denboraldia baldintzatuko duten lau norgehiagoka ditu Realak aurretik: Espanyol, Granada, Athletic, eta Malaga. Neguko azokak ez du aurpegi berririk ekarri. Aitzitik, Chory, Oyarzun eta Ansotegi galdu ditu, trukean ezer jaso gabe. Denbora gehiegi darama klubak bulegoetan oso bestelako malkoak botatzeko moduko erabakiak hartzen.