'40 urte'
Xabier Otaegi, pailazoa
«Fa vint anys que tinc vint anys» zioen Joan Manuel Serratek kantu batean. Gure ofizioarekin hasi ginenean genituen guk, batez beste, hogei urte. Gazteak eta burugabe hutsak ginen duda izpirik gabe, baina ilusioa genuen gainezka. Euskal mundua zapalduratik ateratzeko ekintza artean murgiduta aurkitzen ginen eta kantariak, musikariak, dantzariak, poetak ala idazleak loratzen ari ziren giro hartan, zergatik ez genuen bada herriz-herri ibiliko zen pailazo taldea sortuko? Umorea, antzerkia eta espektakuloari buruz deus ez bagenekien ere, zergatik ez genuen bada euskaraz inoiz egin ez zen emankizunik osatuko? Disko estudio bakar bat inoiz ikusi ez bagenuen ere zergatik ez genituen bada emanaldietan erabilitako haur kantuak diskotan grabatuko? Halaxe, ezjakiteak dakarren ausardiak eraginda sortu ziren, bi disko, eta 300 bat emanaldi eskaini zituzten Kixki ta Mixki ta Kaxkamelon. «Vint anys i encara tinc força, i no tinc l’ánima morta». Bai noski, bizi-bizirik geunden Euskal Telebistak asteroko saioa egitea eskaini zigunean. Telebisioaz deus ez genekien. Lehenengo saioetan lurra klarionaz markatzen ziguten handik mugitu ez gintezen, kameralariak zorabiatu egiten baigenituen bestela. Gidoiak eta prestakuntzak nola egiten ziren ideiarik ez genuen baina, ordu erdi edo ordubeteko programa egin nahi genuen galdetu zigutenean, burugabe eta ezjakin ausartak izaten jarraitzen genuenez, luzeena aukeratu genuen. Zorioneko burugabekeria! Ehunka telesaio, ehunka zuzeneko emanaldi herriz-herri, diskoak, DVDak, ipuin labur eta luzeak, jolas liburuak eta beste hainbat bitxikeria eskaini ditu azken hogei urte hauetan ETBrekin batera sortu zen Txirri, Mirri eta Txiribiton hirukoteak. «I em sento bullir la sang». Bai, indarrak apur bat makaldu bazaizkigu ere, betiko burugabekeriak garamatza apenas ezagutzen dugun Facebooken bitartez gure kantuekin lehiaketa bat antolatzera, berrogei urtetan bildu ditugun trasteekin erakusketa bat egitera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera hiru hiriburutan kontzertu bana ematera, urte amaieran herriz-herri emanaldi sorta bat eskaintzera eta gogorik handienarekin, Donostiako Kresala elkartean, martxoaren 25ean, orain dela berrogei urte abiatu genuen burugabekeria hau, egun eta, era berean, txokolate jatea eta guzti, ospatzera. «Hogei urte badira, hogei urte bete genituela, hogei urte eta oraindik indarrean gara, ez dugu arima hila eta odola bor-bor egiten sentitzen dugu» diot Joan Manuel Serrati hartutako hitzak erabiliz. Jubilatzen al garen? Serrat ez, eta gu ere ez.