Xabier Vazquez: 'Hitz jokoak'
Zer moduz oporrak? Ondo? Argazki asko atera al duzue? Badakizue, “hemen, sufritzen” esalditxoarekin lagunduta, ezagunak inbidiaz itotzeko. Ni Mazedonian izan naiz lagunekin. Bai, Mazedonian. Gorde Mazedonia eta frutei buruzko txisteak, guztiak egin dizkidate dagoeneko. Bai, guzti-guztiak! Buruan zenuen hori ere bai, lehenetakoa izan zen.
Oporren ondoren, ordea, buelta dator. Umeen antzera, euskaltegi irakasleok ere ikasturte berriari ekin diogu. Donostiako euskaltegiek, udalarekin batera, prentsaurrekoa eman dugu matrikulazio kanpaina aurkezteko. Kanpaina horrek aurreko urteetako izenari eutsi dio: Euskaldun/izate. Hau da, “euskaldun izate”-arekin eta gaztelaniazko “euskaldunizate”-rekin hitz jokoa egiten du.
Izena originala da, edo zen, urte batzuetan zehar mantendu baita. Amaigabea dirudi euskararen aldeko kanpainetarako dugun sormena. Zientoka ekimen, ekintza, egitarau, kanpaina, jardun eta dena delako antolatzen dira; maiz, bertsolari-publizista sena aterata edo, hitz eta hitz joko originalekin lagunduak. Halere, beldur naiz herritar guztiak euskaratu aurretik gure sormen osoa xahutuko ez ote dugun. Martxa honetan, leloak birziklatu egin beharko ditugu kanpaina erritmoari eusteko. Espero dezagun behintzat ez dadila berreskuratu Pixka bat es mucho edo –ahoskatuta arriskutsuagoa den– Poco da asko.
Ez natzaie kanpaina hauei kritika egiten ari (beno, akaso Pixka bat es mucho-ri bai). Herritarrak euskalduntzeko bitarteko ugari dago. Zilegi –eta komenigarria– da bitarteko horien kopuru eta banaketaz eztabaidatzea. Publikoez, zein pribatu edo herri-ekimenez. Hala ere, hori ezin da behin betiko aitzakia izan norberak ere pausoak emateko. Adibidez, Donostian langabetuentzako doako ikastaroak daude. Denentzat eskuragarri ez diren ordutegi eta baldintzetan, jakina. Baina, izen emandakoen kopurua ez da bereziki handia. Neuri harrigarri suertatzen zait hori probesteko aukera eta gogoa uztartzen duen hain jende gutxi egotea.
Gero, bakoitzak nahi duen hizkuntzan hitz egingo du. Nik neuk, sarritan, sarriegi, gaztelania erabiltzea erabakitzen dut euskaraz molda nintekeenetan. Baina hizkuntza-hautuak benetan libreak izateko, gizarte honetan elebitasun errealxeagoa beharko genuke, baita Donostian ere. Hori lortuko bada, geure familiakide, bizikide, adiskide eta lankideei ahalegina eskatu behar diegu euskalduntzeke badira. Ea aurrera egiten dugun, behintzat kanpainetarako slogan eta hitz jokoak erabat xahutu baino lehen.