Xabier Vazquez: 'Jaia bai, guda zaharrik ez'
San Sebastian egunaren atarian gara. Batzun batzuek aritu zarete zuen jotzaile (danborraz ari naiz, jakina) dohainak berriz trebatzen, beste batzuek seme-alabak eraman dituzue horretara. Akaso, baten batek –askok ez– Urrezko Danborraren bozketan parte hartu duzue.
Azken urteetatik gure jai nagusian parte hartzeko aukera berriak daude. Izagirreren gobernuak aukera eman zien herritarrei udaletxe zaharrera joateko zozketarako. Aparte, iaz Urrezko Danborraren aferak aukeraketa prozesua demokratizatu premian jarri du Goiaren gobernua. Gertatu ohi legez, iaz gaia denon ahotan izan arren, aurten lagun gutxik eman du boza. Kopurua kopuru, halako ekimenei eutsi egin behar zaie, jendeari galdetzea beti da egoki. Zer esanik ez, gauza garrantzitsuagoetarako bereziki.
Aurretik esanak, baina, San Sebastian egunaren arlo instituzionalari lotzen zaizkio. Benetako datu esanguratsuak pertsonen parte hartzeari dagozkie, zenbat lagun ateratzen diren kalera modu batera edo bestera festaz gozatzera.
Horregatik egiten zait hain harrigarria hainbatek danborrada alarde militarra izango balitz bezala hartzea. Inor ez da nor besteei jaia nola bizi esateko –besteen eskubideak urratu gabe–, beraz, bejondeiola danborrada alarde militar seriotzat hartu nahi duenari, oinarri historiko handirik gabeko gauza izanda ere. Neure ustez, danborrada inauteria da, hiriko historian eta tradizioan oinarritua, baina parodia. Hiri kaskarin eta maitagarri honek harrotasunez egina.
Parodia ona izate aldera, gauzak txukun egiteak badu xarma. Horrek ematen dio grazia. Baina «mozorrotu ez, neu jantzi egiten naiz» edo «geure jantziak XIX.mendeko Akisgraneko zalduneria du inspirazio» modukoak entzuteak harritu egiten nau. Nahikoa auzolotsa ematen dit umeekin egiten dugun desfiletxo horrek, helduen danborradak ere ustezko gauza serio bihurtzeko.
Zorionez, gure festak ez du inoren gesta militarrik oroitzen. Kasu horretan daudenek nahikoa lan badute festa militarrei buelta ematen. Geuk nahikoa tradizioa izan dugu guda txatxuetan hiria sarraskitu zuten oroimena eduki eta geure aisialdia beste ildoetatik garatzeko. Beharko genuke, behintzat.
Gizarteko edozein arlotan bezala, aisialdian ere borrokak islatzen dira, besteak beste gizartearen erdiek baino gehiagok libre bizitzeko duten aldarri arrazoizkoa. Aspaldiko triskantza eta eromenak, ordea, gogora ditzagun baina ez errepikatzeko asmoz. Jaia bai, borroka ere bai, guda zaharrik ez.