Zein da zein?
Gogoratzen Zein da zein? Jolas dezagun pixka bat. Klak, klak, klak!. Demagun, 4.000 biztanleko herri batean bizi zarela. Zure bizilagun bat azken bi hilabetean herrialde urrun batean aritu da lanean –klak, klak!–. Ez dakizu bizarrik duen ala ez, baina saskibaloi talde baten garaipena ospatzen aritu zen iritsi berritan –klak, klak, klak!–. Hamabost lagunekin batera bazkaldu ondoren, tabernaz-taberna aritu zen gin-tonicak edaten –klak!–.
Asmatu duzu zein den? Demagun bestela, 30.000 lagun bizi zareten hiriko auzo batean ezkontza bat ospatu dutela. Ezkonberria da aukeratutako karta. Ez dakizula zein den? Lasai, telefono deiaren komodina erabil dezakezu. Bai, gurasoei, koinatuari edo kuadrillako berri-lapikoari dei diezaiokezu. Orain bai, ezta? –klak, klak, klak, klak!–.
Bueno, ba hau ez da jolas bat, eta pista horiek guztiak ematen ETBko esatari bat dago pantailan. A! Eta asmatu duzun hori, ez da betaurreko berdedun marrazki bat, COVID-19-aren azken agerraldiaren zero pazientea da.
Benetan, ez dut ulertzen berria horrela ematearen helburua zein den. Eta bururatzen zaidan arrazoi bakar bat ere ez zait gustatzen. Baina garbi daukadana da errudun indibidualak bilatzen hasten bagara ardura kolektiboaren garrantzia gutxiesten dugula. Eta hori, ez dut uste ona denik. Zaindu!