'Zentsura... demokraziaren astean'
Olaia Duarte Lopez, Donostiako EH Bilduko zinegotzia
Joan den astean, asteazkenetik larunbatera, zuzeneko demokrazia modernoaren foroari ateak ireki zizkion Miramar jauregiak. Lau egunetan, 30 herrialde eta 120 hiritako aditu eta ordezkari politikoak etorri ziren haien praktika onak donostiarrekin konpartitzera; hori baitzen, behintzat, aurreko agintaldian sustatutako foro honen helburu nagusietako bat, nahiz eta, zoritxarrez, eta oraingo Udal Gobernuak Donostiako elkarteekiko eta eragile sozialekiko lanketa alde batera utzi duelako, donostiar gutxi gerturatu diren jardunaldietara.
Txile, Argentina, Kanada, AEB, Taiwan, Suitza, Austria, Alemania, Espainia, Italia, Katalunia eta beste herrialde batzuetatik adituak etorri zaizkigu demokrazia modernoa nola ulertzen duten azaltzera, tokiko partaidetzaren berri ematera edo demokrazia eskubide unibertsal gisa aurkeztera.
Foroko lehen egunean, Carlos Pindado katalanak gure hiriko kontraesanak mahaigaineratu zituen. Pindado jaunak argi hitz egin zuen bere txandan: «Nola da posible demokrazia zuzenaz hitz egitea herritarren kontsultak egiteko ordenantza blokeatuta duen hiri batean?». Agian, Miramarreko jauregian zeuden nazioarteko adituek ez zuten galdera ulertu, euren estatuetan inongo udalerrik ez duelako inongo beste erakunderen baimena behar herritarrei kontsultatzeko, baina bertan geunden donostiarrok oso ondo ulertu genuen zer zegoen Pindado jaunaren galderaren atzean: hain zuzen ere, estatu batekiko mendekotasunaz eta erabakitzeko eskubidearen zentsuraz ari ginen.
Donostiako Udaleko Partaidetzako zinegotzi-ordezkari Duñike Agirrezabalagak (PSOE) galderari erantzuteko saiakera egin zuen; hiri honetan pertsona bakoitzak bere iritzia plazaratzeko eskubidea eta foro ugari daudela adierazi zuen, eta adibide moduan jarri zuen foroaren inaugurazioan bertan hainbat eragilek -hain zuzen ere, Eneko Goiaren gobernua demokrazia zuzenari eta partaidetzari trabak jartzen ari zaizkiola salatzeko- udaletxe aurrean egindako kontzentrazioa.
Ostegun goiz horretan bertan, Miramarren eskubideez ari ginela, Donostia 2016k Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak izeneko erakusketako hainbat artelan zentsuratu zituela jakin genuen: euskal preso politikoek egindako artelanak, alegia. Eta egunotan PNV eta PSOEko ordezkariek babestu egin dute erabakia.
Donostia Europako kultur eta elkarbizitzaren hiriburua eta demokrazia zuzenaren topagunea den urtean, zentsuraren erreferentzia izatea oso larria da. Eta, testuinguru horretan, Partaidetzako zinegotziak Miramar jauregiko foroan eskubidez betetako Donostia irudikatu nahi izatea, non pertsona bakoitzak bere iritzia plazaratzeko bitartekoak dituen, esperpentikoa da.
Ari gara urratsak egiten, baina oraindik ere badugu bidea eskubideez Donostia egiteko. Demokrazia eta elkarbizitza helburu baditugu, ezinbestekoa izango da denon konpromisoa. Zentsura, ordea, ezin da inola ere bide hori egiteko abiapuntua izan.
