Zer eskatzen du herriak?
Amnistia!… Askatasuna!…Independentzia!
Dezente urte pasatu dira kalean milaka eta milaka jendek aipatu ditugun lelo hauek aldarrikatzen genituela. Egia esan, gauzak aldatu dira eta ez dakit onerako edo txarrerako izan den.
Zer gertatu zaigu azken urte hauetan amnistia ordez presoak hurbiltzea eskatzeko? Zer gertatu da Estatuak emateko prest dagoena aldarrikatzeko eta ez besterik? Zer gertatu da Estatuari bere legeak bete ditzala eskatzeko?
Non gaude? Zer aldatu da? Geure burua al da aldatu dena? Zer gertatu da borrokalariekin? Egin zutena gaizki egin al zuten? Egindako borrokak ez al zuen zentzurik?
Egun hauetan sare sozialetan ikusi ahal izan dugu Maddalen Arzallusek Ion Kepa Paroti buruz kantatuz egindako bertsoa, eta baita EITBk nola debekatu duen bere emankizuna ere. Gertakizun honek ere zer pentsatua ematen du.
1968an Parisen erreboltariek esaten zuten: «Izan errealista eta eskatu posible ez dena». Izan ere, kapitalak eta bere estatuak zedarritzen dute zer den errealitatea eta zer ez; zer den posible eta zer ez. Estatuaren kontra joatea badirudi errealitatearen kontra joatea dela eta beraz ero izatea.
Zaila da zapaldua denarentzako askatasunerako bidea topatzea. Horretan gabiltza, baina, zer egin asmatzea ez da erraza. Alde batetik edo bestetik egiten ditugu aurrerapausoak emateko ahaleginak, eta batzuek onartu ezin diren mugak jartzen direla diote, eta beste batzuek, berriz, lehendik urratu diren bideetatik inora ez goazela diote edo diogu.
Urteek esperientzia ematen dute, eskarmentua ere bai eta hori dena kontuan hartu nahi izaten dugu. Ez da erraza bide berriak eta eraginkorrak aurkitzea. Berriz, inora ez garamatzan biderik ez dugu hartu nahi, bide antzua hartzerik ez dugu nahi. Benetan, ez da erraza erabakitzea.
Azkenean, gelditzen zaiguna da sinisten dugun hartan aurrera egitea ahalik eta zintzoena izanik geure buruarekin eta zer emateko prest gauden kontuan hartuta.
Beti ere gogoan izanik sistema aldatzeko sistemaren barruan posible ez dena exigitu behar dela.