Zergatik orain?
Probatu gaituzten egoera eta praktikak agertu dira krisi soziosanitarioaren testuinguruan. Arrazialitatearen, kolonialitatearen eta immigrazioaren inguruko eztabaidak denbora asko darama euskal agertokian, baina ez da biral bilakatu gaur arte.
Joan den ekainaren 20a Pertsona Errefuxiatuen Munduko Eguna izan zen. Gaur egun, ACNUR-en arabera, 26 milioi pertsona errefuxiatu baino gehiago daude munduan. Horiek, baina, kuantifikatu daitekeen errealitate bateko zenbakiak besterik ez dira. Halaber, kolektibo zaurgarrien arazoak zifra batez harago doaz; datu horien atzean isilarazitako errealitate eta bizipen ezezagunak ezkutatzen dira.
AEBetan gertatzen ari diren protestak, eta Black Lives Matter mugimenduak balio izan dute askok begien gainean jarrita zuten benda zarrastatzeko. Soilik ikusi dugu gure sistema kolonial, arrazista, patriarkal eta neoliberalaren izebergaren punta, baina historian zehar egin den historia antirrazistaren erakusgarri da.
Ez dira soilik COVID-19aren moduko krisiak kolektibo zaurgarrienen arazoak agerian uzten dituztenak, baina egia da horiek probatu egiten gaituztela gizarte gisa. Krisi honek emakumeek zaintzetan duten papera irmotu du, eta horiek dira baldintza prekarioetan alde okerrena jasaten dutenak, arrazismo instituzionalarengatik, eta erregularizazio eta babes falta dela eta. Errealitate horiei aurre egin nahi badiegu eta aldatu nahi baditugu, sare kolektibo eta komunitarioak eraiki behar ditugu; izan ere, borroka hau kolektiboa izango da, ala ez da izango.