Zu berriz ikusteko irrikaz
Ostiral beltza, aste beltza, hilabete beltza… gau beltzaren ondoren datorrenak bai ematen digula beldurra merkatari txikioi. Gabonen aurretiko ezjakintasun honetan, agian ez da beldurra, agian sustoa eta haserrearen arteko ezinegon bat sartzen zaigu, kate handien zurrunbiloaren kontra gutxi egin dezakegun sentsazioa eta aldi berean korronteak eraman ez gaitzan nahia.
Egiari zor, kate handien deskontuak ez dira inguruan ditugun munstro bakarrak: gure kaleak hankaz gora daude obraz josita, eta lokalen alokairuek ez dute gure negozioen jasangarritasunean batere laguntzen. Hortaz gain, Ticket Bairi buruz kontatzen ez dutena da hileroko gastuak handitzeko ere balio duela. Tantaz tanta dator ere hemen itolarria.
Denda ireki aurretik, 2015ean, Donostia Sustapeneko ikastaro bat egin genuen dirulaguntza bat jaso ahal izateko. Ez zen diru asko, baina enpresa mundutik ez gentozenez, ez zitzaigun gaizki etorri denda bat nola kudeatu behar den pixka bat irudikatzea, eta bertan ikasi genuen zure enpresa beste batzuetatik ezberdintzeko hiru bide daudela: prezioa, produktua eta tratua (edo horrelako zerbait zen behintzat). Eta nahiko argi bageneukan ere, berriz errepikatu ziguten prezioaren alorrean behintzat ezingo ginela kate handiekin lehiatu.
Produktua eta tratua; horiexek dira gure armak eta berezitasunak, kalitatez eginikoa eta irribarrea. Horri helduta eta hortan sinisten gabiltza buru-belarri, bezeroari benetan ilusioz erosiko duen zerbait eskaintzen, eta, bide batez, soldata duin bat irabazi nahian.
Gure hiri, herri eta auzoetako kaleei bizia eta berezitasuna ematen, lanean, guregatik eta inguratzen direnengatik, goian daudenengatik eta ondoko lokala alokatu nahiko luketenengatik. Batzuek pertsiana jaitsi behar izan badute ere, beste batzuk atzetik etor daitezen, eta ez ditzagun berriz ikusi konfinamendu garaiko kale huts haiek. Bizitzaren zikloa eta gure ekonomia zirkularra denon artean eramaten dugulako aurrera.
Jakingo bazenu zeinen polita den zu berriz gurean pozik sartzen ikustea.