Badagoen hiriari erreparatu behar dio Donostiako HAPO berriak
Gure Bidea elkartea, Zigor Etxeburua Urbizu
Gure Bidea auzo elkartearen xedea da Altzako hirigintza azpiegiturak, eta osasuneko eta kiroleko ekipamenduak hobetzeko lan egitea, altzatarrok bizitza kalitate hobea izan dezagun. Horregatik, interes handiz ari gara jarraitzen Donostiako Hirigintza Antolatzeko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspena, gure herriak dituen hirigintzako gabeziei irtenbidea emateko aukera delakoan.
Altzako biztanleria asko hazi zen 50 [...]
Gure Bidea elkartea, Zigor Etxeburua Urbizu
Gure Bidea auzo elkartearen xedea da Altzako hirigintza azpiegiturak, eta osasuneko eta kiroleko ekipamenduak hobetzeko lan egitea, altzatarrok bizitza kalitate hobea izan dezagun. Horregatik, interes handiz ari gara jarraitzen Donostiako Hirigintza Antolatzeko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspena, gure herriak dituen hirigintzako gabeziei irtenbidea emateko aukera delakoan.
Altzako biztanleria asko hazi zen 50 urteko tartean: 1930ean, artean udalerria zela, 5.425 biztanle izatetik 44.384 bizilagun izatera iritsi zen 1986an; zortzikoiztu egin zen. Ondorioz, etxe asko eraiki zen, edozein txokotan eta edozein modutara eraiki ere, biztanle berriak espazio txikietan pilatuta, azpiegitura eskasekin, eremu libreak moldatu gabe, eta zuzkidurarik gabe. Hirigintza anabasatsu eta deskontrolatu horren ondorioak gaur arte iritsi dira.
Gaur egun Donostiako Udalak Altza kontsideratzen duen eremua oso jendetsua da, eta etxebizitza dentsitate handia du: 8.246 etxebizitza daude, hiriko etxebizitzen %11. Gainera, etxebizitza parkea zahartuta dago (batez besteko antzinatasuna 53 urtekoa da) eta birgaitze behar handiak ditu, baita eraikinen inguruko espazio komun publiko-pribatuetan ere. Eraikita dagoen hiria oso anitza eta konplexua da, orografia maldatsua baitu, eta irisgarritasuna errazteko irtenbiderik gabe eraiki zelako. Ekipamenduak (kiroldegiak, osasun etxea, ikastetxeak, euskaltegia, kultur etxeak, saltegiak…) eta azpiegiturak (tren geltokiak, parkeak, bidegorriak…) aldenduta daude elkarren artean, kota ezberdineko auzoetan banatuta, eta ez daude egoki lotuta; horrek ez du errazten erabiltzaileon fluxua auzo batetik bestera. Gainera, etxe inguruetako pasabide eta eremu komun asko jabetza pribatukoak izateak areago korapilatzen du egoera. Horri gehitu behar zaio Altzako eremu batzuk (Altza 13 bis, AL.04) berpartzelatu gabe egotea 1970eko hamarkadatik, eta argitu gabe egotea norena den hainbat lursail mantentzeko ardura. Horren eraginez, espazio publikoa utzita eta zabartuta dago hainbat tokitan. Urteotan, zenbait konponketa egin badira ere, ez da inoiz ikuspegi orokor batez jardun. Horregatik, altzatarrok eguneroko beharrak asetzeko erabiltzen ditugun azpiegiturek eta bide sareek irisgarritasun gabezia handiak dituzte.
Biztanleria adinean gora doan heinean, nabariagoa egiten ari dira gabezia horiek. Gaur egun, Donostia baino bizkorrago ari da zahartzen Altza (15 urtean, Donostian baino +9 puntu, eta batez besteko jaiotza tasa -1 puntu apalagoa), eta igogailua behar duten 65 urte baino gehiagoko hiritarren % 45 bertan bizi da. Horri gehitu behar zaio altzatarrok dugula zaurgarritasun ekonomiko maila handiena, eta, beraz, zaila zaigula gure etxeetan irisgarritasuna bermatzea. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Hiri Kalteberatasunaren Inbentarioaren arabera, Altza da hirigintzaren aldetik kalteberen dagoen Gipuzkoako hiri eremua. Arazo horiek larriak dira, eta Donostiako Udalak ezagun ditu, hainbatetan eskatu izan baitiogu laguntza.
Alderdi horiek guztiak esanguratsuak izanik, HAPOren berrikuspenak kontuan izan beharko lituzke. Urtetan, ordea, HAPOk bizkarra eman izan die finkatutako hiriak dituen gabeziei, eta Udalak mantentze sailaren mendean utzi izan du auzoen premiei erantzuteko ardura, betiere auzotarrek aurretik ederki borrokatuta, baina osotasuneko ikuspegirik eskaini gabe. Horregatik, altzatarron artean badago Donostiak neurri berdinaz neurtzen ez digunaren ustea. Gure Bidea auzo elkartearen ustez, Udalak eginkizun bat du, are erronka bat, kontrolik gabeko hirigintzaren kume diren gure auzoetan: eraikitako hiria berroneratu egin behar du, hiri ehunak kohesionatuta, irisgarritasunik ez duten eta narriatuta dauden tokietan hiri eraberritze integraleko jarduketak abiatuz, duintasuna emateko eraikita dagoen hiri bilbeari, gizarteko bizitza gara dadin kalitate estandar egokiekin eta desberdintasunei aurre eginda. Bada badagoen hiriari erreparatzeko garaia; bada erreparaziorako sasoia.
Gure Bidea elkartea
Zigor Etxeburua Urbizu