"Gure helburu nagusia Groseko familien komunitatea eraikitzea da"
Groseko guraso batzuek, duela urtebete inguru sortu zuten gurasoen taldea. Denbora gutxian forma hartu eta geroz eta pertsona gehiagok osatzen duen elkartea izatera igaro da. Horregatik, pentsatu dugu interegarria izan daitekeela elkarteko kideei elkarrizketa bat egitea, talde honi buruzko informazioa helarazteko. Gurasoen taldeko Ibon Etxeberriarekin elkartu ginen eta jarraian argitaratu dugun elkarrizketa izan genuen. Proiektu hau ezagutzea auzotar guztientzat da interesgarria, baina auzoko guraso bazara erne irakurri datozen lerroak, ziur parte hartzera animatuko zarela eta!
Duela urtebete inguru sortu zen gurasoen taldea, zein balorazio egiten duzue hasi zinetenetik orain arte egin duzuen ibilbideaz?
Balorazio oso positiboa egiten dugu. 2017ko Zipotz jaietan haurrentzako makarroi jana egin genuenean, talde iraunkor bat sortzeko gaitasuna ote genue ikustea izan zen lehenengo erronka eta nota oso onarekin azterketa hau gainditutzat eman dezakegu.
Nola sortu zen taldea, eta zein da zuen antolatzeko modua? (zenbatero elkartzen zarete, non, zer egiteko, zenbat lagun)
Auzoko guraso batzuen artean, guraso zein haurrek auzoan ditugun arazo eta problematika desberdinak konpartitzen hasi ginen. Kezka eta arazo desberdin asko atera ziren, baina borobilduz ideia nagusiak, besteak beste, hauek izan ziren: eguraldi txarrarekin aisialdirako espazio itxi baten falta, auzoko kale eta plazetan euskararen erabileraren falta, kalean jolasteko gero eta arazo gehiago (nola da posible Katalunia plazako paretan baloiarekin jokatzea debekatua dagoela dioen kartel bat egotea?) eta eskola ezberdineko haurren arteko harreman falta.
Arazo guzti hauen aurrean bi aukera genituen; edo bultzatzaileen artean helburu eta dinamika ezberdinak definitu eta zabaldu, edo deialdi zabal bat egin eta bertaratzen ginene artean gauzak definitzen joan. Bigarren aukeraren alde egin genuen eta hala egin. Batzar zabal bat deitu eta bildutakoen artean funtzionatzen hasi ginen.
Ikasturte honetan astelehenero Hondarpe Auzo Elkartean haurrekin batera elkartzen gara. Hilabetean behin haurrekin batera batzarrak egiten ditugu guztioi parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera emanez eta bertan hilabeteko egitaraua adosten dugu.
Saiakera ezberdinak egin ditugu bilera sakonagoak egiteko, baina guztiok guraso izanda oso zaila egiten zaigu txikirik gabe tarteak bilatzea.
Behar dugun materiala zein gastu ezberdinei aurre egiteko kuota bat jartzen dugu. Dena den, nahi edo ahal duenak bakarrik ordaindu dezakeela aipatzen dugu beti, auzoko familia guztientzako antolatzen baitugu ekimenak eta beraz, gure ateak irekiak daude nahi den momentuan gurekin jolastera etortzeko.
Denetarik tailer eta saioak egiten ditugu, baina parte hartzaileak izatea lehenesten dugu. Haurren sormena eta heziketarako, jokoa premiazkoa dela ulertzen dugu eta beraz, hau da gure lehentasuna. Jokoaren bitartez txikiak balore ezberdinak barneratzen baitituzte.
Auzoko beste zein eragilerekin aritzen zarete elkarlanean?
Orain arte Ubarroiak eta Jai batzordearekin bereziki elkarlanean antolatu ditugu ekimen ezberdinak. Urrats aisialdi taldearekin ere oso harreman zuzena dugu. Jaietarako haur batzordean elkarlana egiteaz gain, beti beraien laguntza eskaintzen digute haurrekin jolasak edo ekimen ezberdinak egin behar ditugunean.
Bestalde, Auzo Elkarteko erabiltzaile moduan aukera izan dugu Auzo Elkarteko koordinadoran parte hartzeko eta honek, aldi berean, aukera eman digu beste eragileen ikuspuntuak ere izateko. Adibidez, espazio publikoaren okupazioari dagokionez “Groseko haurrak plazak eta kaleak jolasteko nahi ditugu” leloarekin, turismo masibo eta basatiak auzoan nola eragiten duen lantzeko aukera izan genuen.
Aurrera begira harremanak zabaltzen jarraitu nahi dugu. Auzoko eskola ezberdinetako guraso elkarteekin lan harreman bat ireki nahiko genuke. Haur eta gazte txokoarekin ere harreman iraunkor bat izatea oso interesgarria litzateke. Honela, lerro hauek eragile ezberdin hauek gurekin harremantzeko gonbitea egiteko baliatu nahi ditugu. Gure kontaktua honakoa da: grosekogurasoelkartea@gmail.com.
Zuek lantzen duzuen gaia kontuan hartuta, nola ikusten duzue auzoa?
Auzoan gabezi handiak daude. Lehenik eta behin oso gizarte indibidualista batean bizi garenez bakoitzak bere interes propio eta momentukoak asetzea du helburu. Ez dago komunitate ikuspegirik. Hau izan beharko litzateke gure helburu nagusiena Groseko familien komunitatea eraikitzea.
Bestetik auzoko kaleetan jolasteko aukera geroz eta gutxiago daude. Gainera horretarako, soilik helduok erabakitako parke itxi eta bijilatuak daude. haurren garapenerako joko libeak berebiziko garrantzia du, eta horretarako espazio egokiak behar ditugu. Espazioarekin jarraituz, Donostian egiten duen eguraldian kontutan izanik, ez dago kontsumoan oinarritzen ez den jokorako espazio estalirik.
Gurasoen artean formakuntza falta dugula ere sumatzen dugu. Inork ez digu guraso izaten irakasten, zalantza eta kezka asko ditugu. Honi aurre egitea egokia litzateke
Zer eskaintzen die zuen taldeak auzoari?
Lehenik eta behin guraso zein haurren artean jolasaren bitartez ondo pasatzea. Bestetik aipatu ditugun arazo guzti hauen aurrean gure buruak antolatu eta egoerak gainditzeko aukera. Honetaz gain, deialdi pila bat ditugu, adibidez truke azokak antolatzea, zinema euskaraz, parke estali bat lortzeko lanketa egitea… Ideia guzti hauek antolatzeko eta aurrera eramateko jendea behar da. Horretarako aukera ematen digu Groseko Elkarteak auzoko guraso guztiei.
Ziur badela lerro hauek irakurtzen ari den eta taldean parte hartu nahiko lukeen gurasoren bat. Zen esango zeniokete?
Gurekin harremanetan jar dadila grosekogurasoelkartea@gmail.com helbidearen bitartez. Astelehenetan 17:30etatik aurrea Hondarpe Auzo Elkartera gerturatu dadila. Antolatzen dugun beste edozein ekimenetara gerturatu daiteke baita ere, parte hartzeko eta nahi duen informazioa jaso ahal izateko. Azkenik zer egiten dugu jakiteko facebooken ere badugu aukera
https://www.facebook.com/grosekogurasoelkartea.gge.1 helbidean.
Zein erronka duzue etorkizunari begira?
Lehenik eta behin talde bezala egonkortzea eta handitzea. Bestetik gure eragiteko gaitasuna zabaltzea. Helburu zehatzei dagokionez zehazteke dauden arren hauek aipatu genitzazke
- Kontsumoan ez oinarritutako espazio itxiak lortzea.
- Trukea sustatzea.
- Gurasoen formatuak auzoan egotea
- Auzoko beste eragileekin harreman sendo
- Jolas librearen defentsa egitea.
- Jokorako kalearen berreskurapena