"Jaien jarduera eremua zabaltzen dugula uste dut, eta jaiak auzoko jende gehiagorengana zabaltzea lortzen dugula"
Groseko Surf Indarra taldeko Jon Mikel Zubeldiarekin elkartu gara, jaietan nola parte hartzen duten jakiteko, eta orokorrean taldea gehiago ezagutzeko.
Zer da Groseko Surf Indarra, zer egiten duzue? Duzuen neurria ulertzeko, zenbat jende biltzen zarete elkartearen bueltan?
Surf eta bodyboard kirol elkarte bat gara. Hauek dire gure alorrak:
- 300 bazkiderentzako federakuntza lizentziak, aldagela eta biltegiak kudeatzen ditugu.
- Surf eskola kudeatzen dugu, urtean 1.000 ikasle baino gehiago etortzen dira gure eskolara, eta hainbat talde osatzen ditugu: ikastetxeetatik etortzen diren ikasleak, udako taldeak, neguko jarraipen taldeak, eta kanpotarrak. Hastapenetik hasi eta maila teknikoetaraino surfa lantzen dugu.
- Hezkuntza programa bat garatzen ari gara ikastetxeekin, surfaz gain gure inguruneari buruz dugu ikuspegia lantzeko. Surfa hainbat taillerekin nahastuta, besteak beste, kontsumismoa edo gailu elektronikoen erabilera.
- Surf entrenamenduen teknifikazio programa garatzen dugu -12-14-16-18 eta open kategoriako 14 kirolarirekin eta bi entrenatzailerekin. Hauekin kirolari proiketua eraikitzen dugu, eta txapelketa mailan zentratzen gara.
- Surf txapelketak antolatzen ditugu. Horretaz gain, Euskal federazioak eta Gipuzkoako federazioak Donostian antolatzen dituzten txapelketen antolaketan kolaboratzen dugu.
- Taberna-txiringitoa kudeatzen dugu udako denboraldian. Kontzertutxoak eta proiekzioak antolatzen ditugu, beste ekintza batzuen artean.
Nola sortu zen elkartea, eta nolatan jarri zenioten izen hori?
Groseko Indarra izena udako arratsalde batean sortu zen, Groseko hondartzako muro zaharrean. Egun hartan ez zen olaturik egongo, noski, eta hortxe elkartu ziren surflari mitiko batzuk itsasoa lau-lau egonda zer egin ote zezaketen asmatu nahian. Klub bat, talde bat, banda bat edo antzeko zerbait osatzea bururatu zitzaien orduan. Juanpe Sansinenea, Rene eta besteren bat zegoen tartean. Juanpek esan zuen Groseko muturraren indarra eta euskal indarra irudikatzen zuen izenen bat aukeratu behar zutela. “Eusko Indarrra” izeneko batailoi batean ibilia zen bere aitona 36ko gerratean, eta hortik sortu zen “Groseko Indarra” izena. Eskerrik asko izenagatik!
Izena handik gutxira ofiziala egin zen, Groseko hondartzan txapelketa bat antolatu eta “Groseko Indarra” izena jarri ziotenean. Gabi Lasa “Gabilan”, Iñigo Iraola “Ambi” eta Alfonso Azketa “Txontxo” izan ziren antolatzaileak. Zuetako gehienontzako ezezagunak izango dira izen horiek, baina surflari horiek Donostiako surfaren historian oso garrantzitsuak izan dira.
Beranduago, 2000. urtean elkartea ofizialki sortu zuten Jesus Jimenezek, Carlos Marichalarrek, Julen Larrañagak eta Haritz Mendiluzek. Helburua, guztion gozamenerako elkarte bat sortzea zen, Donostiako suflarientzat bilgune bat izango zena, eta kirola hainbat alderdietatik landuko zena. Urteak aurrera joan ahala, bazkide kopurua handitzen joan zen , eta elkarteak eskaintzen zituen zerbitzuak hedatzen joan zire: surflariak aldatzeko eta hauen materiala gordetzeko hondartzan instalakuntzak lortu ziren, surf eskola sortu zen, eta nazioarteko mailako txapelketak antolatzen hasi ziren. Horrela, urteek aurrera egin zuten, 2013. urtea arte. Garai horretan belaunaldi aldaketa eman zen elkartearen kudeaketan, Jon Mikel Zubeldia, Edgar de Pedro eta Lander Irazabalbeitiak sorturiko zuzendaritza taldearen eskutik. Ordutik hona, elkarteak hazten jarraitu du, eta gaur egun 300 bazkide inguru gara. Horretaz gain, 2015ean instalazioak berritu genituen, eta surf eskola erreferente bat gara Donostian. Hori gutxi balitz, hain txoko berezia den txiringito – taberna kudeatzen dugu. Eta hori guztia Zurriolako hondartzan egiten dugu, hondarretan bertan, Sagueseko izkinan. Sekulako luxua da!
Gure klubak ibilbide laburra duen arren, arrakasta handiak lortu ditu txapelketetan, eta maila handiko surflariak eta bodyboarder-ak ditugu gure artean, hala nola: Joserra Martinez, Marta Huercanos, Norman Landa, Haritz Mendiluze, Julen Larrañaga, Agurtzane Otegi, Iñigo Ganzarain, Lander Irazabalbeitia, Iñaki Gorospe, Beñat Elosua, Borja Gainzarain, Borja Agote, Ethan, edo Julen Egiguren. “Gure indarra batuz, Groseko indarra bultzatuz” leloari jarraitzen diogu.
Zer antolatu duzue Groseko Zipotz jaietarako?
Larunbatean honako egitarau hau antolatu dugu:
08:30-14:30 Surf txapelketa
14:00 Paella jatea
18:00 Trikipoteoa Sagues auzoan, Joselontxoz Txarangarekin
20:00 Sari banaketa
20:30 DJ saioa
21:00 Barbakoa
22:45 Kontzertuak
Berrikuntzarik egin duzue aurreko urteko egitarauarekin alderatuta?
Ez dugu berrikuntza handirik egin. Garatzen dugun egitaraua bazkideen egitasmo eta antolakuntzaren araberakoa izaten da.
Aurten oraingoz ditugun proposamenen artean hauek azpimarra daitezke:
- 20:00etatik aurrera DJa izango dugu, afalordua girotuko duena.
- Kontzertua 12-14 urte bitarteko bazkide batzuek osatzen duten talde baten emango du.
- Oraindik ez dugu zehaztu, baina agian erakusketa bat antolatuko dugu, Artea Toailetan izena duena.
Zer uste duzu ekaintzen diezuela jaiei? Eta auzoari?
Hasteko, jaien jarduera eremua zabaltzen dugula uste dut. Katalunia plazatik Saguesera (Zabaleta tarteko) Groseko auzoa konektatzen dugu. Bazkari herrikoia, paella jatea, irekia da (ez soilik bazkideentzat), eta une oso polita izaten da, auzotarrak eta gure lagunak biltzen baikara. Trikipoteoarekin jaia Sagueseko tabernetara hurbildu nahi izaten dugu, eta kontzertuetan bertako taldeei nagusitasuna ematen saiatzen gara. Horrekin guztiarekin, agian, Groseko Jaiak auzoko jende gehiagorengana zabaltzea lortzen dugula uste dugu.
Nola bizi dituzue jaiak?
Egia esan, udako garai hau guretzako lanaren sinonimoa da. Surf ikastaroak ematea nahiko nekagarria da, eta horrez gan, nahiko lanpetuta ibiltzen gara egun horietako gauzak antolatzen. Tamalez, ez dugu egunean zehar antolatzen diren ekintza askotan parte hartzeko aukerarik. Hala ere, beti ateratzen dugu tarte bat Katalunia plazan kontzertuak ikusteko.
Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Niri pertsonalki jaietatik gehien gustatzen zaidana jende ezberdina nahastuta, denak giro alaiean ikustea da: haur eta zaharrak batera; familiak eta kuadrilak; alde batekoa eta bestekoa, denak ondo pasatzeko asmoarekin.
Beste zerbait gehitu nahi duzu?
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet Groseko Jai batzordean inplikatuta zaudeten partaideei: beti aurkezten duzuen espiritu parte hartzailearengatik, guri lagundu eta gauza asko errazteagatik, eta urteak aurrera jarraitu ahala gauzak egiteko grina hori edukitzeagatik.
Bestetik, mezu bat luzatuko nieke jaietan gozatzen duten guztiei: gauza horiek guztiak ez dira bakarrik aurrera ateratzen, beraz, antolatzaileei laguntzeko deialdia egiten dizuet, ekarpenak egitera animatzen zaituztet, hau da, modu batean jaiekiko jarrera aktiboa izatea.