Janaria herritik herriarentzat
Amara Berriko Jai Batzordean azken aldian gai ezberdinen inguruan eztabaidak ematen ari gara eta, honen ondorioz, eta kide batzuen interesetik abiatuz, erabaki genuen jaietan dauden elikagaiak 0Km filosofiarekin bat egiten dutenak izatea. 0Km filosofiak bertako produktuen kontsumoa sustatzen du, bertako ekoizle txikiena. Amara Berriko jaietan eskeintzen diren produktuen kopurua handitzen hasi ahala, gure konpromisoa sendotzeko, bertako ekoizleetatik geroz eta gauza gehiago lortzen hasi da.
Honen adibide bat da larunbateko bazkarian dastatu daitekeen menu goxoa etxetik gertu ekoiztuak izan diren produktuekin egina izango dela. Erabaki hau hartzeak arrazoi ezberdinek eragin zuten: Lehenik eta behin, ezin ahaztu daiteke elikagaien industria masiboak eragiten duen kaltea ingurgiroan. Elikagaien garraioa da horren isla, askotan hemendik milaka kilometrora ekoiztutako produktuak kontsumitzen baititugu. Ohikoa da supermerkatuetan Txileko fruta aurkitzea adibidez. Garraio horrek gas kutsagarriak isurtzen ditu atmosferara, honek klima aldaketan eta negutegi efektuan eragina duelarik. Beraz elikagaien garraioaren distantzia txikituz gero inguruan eragindako kalteak urriagaoak dira. 0Km filosofiak zuzenean laguntzen du ingurua zaintzen.
Bestetik, auzoko bizilagun garen aldetik interesgarria iruditzen zaigu bertako ekonomia eta komertzio txikiak babestea, baita inguruko nekazariak ere. Filosofia honek ekarpen onuragarriak ekar baiditzake sektore honentzat. Gainera ekoizle hauei erosita badakigu elikagaien jatorria zein den eta badakigu platerean dugun letxugaren atzean zaintza lan handi bat egon dela.
Adibidez, badakigu tomateak Lizarratik datozela, edo letxugak Astigarragatik, piperrak Astigarraga eta Oiartzundik. Zukuak, tipula lehorra, eta tipuliña berriz Nafarroatik ekarria izango dira, eta ardoa Arabako Lantziego herrian ekoitzia.
Beraz, 0 Km filosofiaren oinarrian aurkitzen da bertan ekoiztuak, bertakoak diren eta garaikoak diren elikagaiak kontsumitzea, eta Amara Berriko Jaietan honen aldeko apustua egina dugu.
Horretarako inguruan ditugun hainbat nekazarirekin jarri gara harremanetan. Hau Oiartzungo Labore taldearen bitartez egin dugu hein haundi batean, entsaladako osagai gehienak eta paella txapelketako parte handi bat haien bitartez lortuz. Bestalde, bertako negozioen bitartez ere lortu dira osteguneko danborradaren ondorengo otordurako txerrikiak, eta arrautzak gertuko ekoizle txikien bidez, Leorpe txakur eta katuentzako egoitzatik eta Zurutuza baserritik.