Etxeko eta zainketetako emakume langileen bizitzak ere, erdigunera!
Aurten Euskal Herrian antolatutako greba feministaren lelo eta eskari nagusia “bizitza erdigunean” jartzea izan zen. Ehunka milaka emakume* atera ziren kaleetara heteropatriarkatu kapitalistari planto egiteko. Noren bizitzaz ari gara hizketan, ordea? Aurrerapausoak eman ditugula badirudi ere, ez dugu urrutira joan beharrik ikusteko euskal gizartean ere alfonbra azpian ezkutatzen dugula ‘zikinkeria’. Maiatzaren 18an, etxeko eta zainketetako […]
Aurten Euskal Herrian antolatutako greba feministaren lelo eta eskari nagusia “bizitza erdigunean” jartzea izan zen. Ehunka milaka emakume* atera ziren kaleetara heteropatriarkatu kapitalistari planto egiteko. Noren bizitzaz ari gara hizketan, ordea? Aurrerapausoak eman ditugula badirudi ere, ez dugu urrutira joan beharrik ikusteko euskal gizartean ere alfonbra azpian ezkutatzen dugula ‘zikinkeria’.
Maiatzaren 18an, etxeko eta zainketetako emakume langileen inguruko jardunaldi batzuk antolatu zituzten Mundubat Fundazioak eta Bidez Bide elkarteak Donostian. Jardunaldiak edonorrentzat irekita bazeuden ere, oso emakume euskaldun gutxi agertu ziren etxeko langileen esperientziak entzutera eta, ekitaldi feministetan ohikoa den bezala, gizon bakar bat ere ez zen ageri.
Jardunaldiek oso ikuspegi interesgarria zuten: ekonomia feminista lantzen aritu diren etxeko langileen kolektiboak zeuden bertan. Egun hartan aurkeztu zituzten ekimen eta ikerketek “asmo zehatzarekin” egin dituztela esan zuen Josefina Rocok, ikerlaria eta Mundubat Fundazioko kidea, “bizitza erdigunean jartzeak benetan zer esan nahi duen jarri nahi dugu mahai gainean.”
Bertako emakumeetatik, emakume migrarietara
Askok ziurrenik nabaritu dugu aiton-amonen belaunalditik gurasoen belaunaldira nolabaiteko salto bat. Aitek etxean “laguntzen” dute (tamalez, oraindik zaila da esatea lan bera egiten dutela) eta amek gero eta gehiago aldarrikatzen dute haien lanaren aitormena. Tamalez, badirudi hirugarren subjektu bat sartu dela jokoan: etxeko eta zainketetako emakume langilea.
Gipuzkoan, esaterako, etxeko zerbitzu horiek %68 egin zuten gora 2009 eta 2017 urteen bitartean, jardunaldietan aurkeztutako ikerketen arabera. Laura Gomez ikerlariak hiru faktore aipatu zituen igoera hori azaltzeko:
- Biztanleriaren zahartze bizkorra.
- Emakumeek partehartzearen igoera lan eremuan.
- Etxeko lanen berrantolaketa.
Ez da kasualitatea ere Bizkaiko etxe-barneko langileen %96a migrariak izatea, etxeko eta zainketetako langile migrarien %73ak goi-mailako ikasketak baditu ere.
“Ez gaude arazoa konpontzen, saihesten baizik”, dio Josefina Rocok “bikoteek, arazoak saihestearren, etxeko betebeharrak beste norbaiti luzatzen dizkiote.” Rocok zalantzan jartzen du euskal gizarteak bizitza erdigunean jartzeko duen diskurtsoa: “Gizarteek ez dute guztion bizitza eta zaintza erdigunera eraman nahi, ezberdinkerian oinarritutako mundu batean bizi baikara: emakumeak/gizonak, klase altua/baxua, bertakoak/migrariak, iparraldea/hegoaldea…”
Zaragozako Etxeko Emakume Langileen Elkartetik datorren kide batek Europan hazi den genero berdintasunaren borroka nagusitua kritikatu du ere: “Denok jarri behar ditugu zalantzan gure pribilegioak. Badirudi berdintasunaren diskurtsoan ez direla emakume txirook eta migrariok jasaten ditugun diskriminazio anitzak aipatu nahi”. “Emakume feminista zuri eta europarrak kristalezko sabaia hausten ari diren bitartean, beste batzuk kristal hori garbitzen diegu. Hormigoizko sabaia dugu guk gainean”, gehitu du Zaragozako aktibistak.
Etxe-barneko lana, esklabutza modernoa
“Etxe-barneko lana ezabatu beharra dago, esklabutza modernoa baita”, aipatu du Amaia Orozco ikerlariak. “Berehalako plan bat behar dugu, langile zein familientzako: erresidentziak, bizilagun sareak, edo gizarte, Estatu eta familien artean ardura banatzen duten bestelako ereduak.” Horretarako borondate politikoa behar dela dio Josefina Rocok: “Proposamenak hor daude, borondatea da falta dena.”
Gelaren albo batean, Erdi Arotik aterata dirudien zerbitzari baten uniformea darama maniki batek. Bidez Bide elkarteko lagunek maniki horren zergatia azaldu dute: “Ez da txantxa, gaur egun Donostialdean lan egiten duen emakume nikaraguar batek egunero darama uniforme hori.” Etxeko langile horrek jardunaldietarako utzi dio elkarteari jantzia, halako egoerak salatzeko eta bertan egon ezin diren etxe-barneko langileak gogoan izan ditzagun.
Jardunaldietara etortzeko gai izan den Silviak, esaterako, hamalau ordu egiten ditu lan egunero, goizeko bederatzietatik gaueko hamaikak arte, adineko bikote bat zaintzen. Larunbat eta igande goizetan besterik ez du atsedena, seme-alabak ez baitira etxera hurbiltzen haien gurasoak zaintzeko.
“Etxe-barneko langile izan den edonor ados egongo litzateke nirekin: ez genuke sekula nahiko gure alabek gure lan bera egitea”, esan du Pilik bere aulkitik altxatuz. Pilik hamasei urte zituela utzi zuen bere herria Bilbora joateko etxe-barneko langile gisa lan egitera: “Ez dakit zenbateraino aldatu ote den errealitatea (egun, 77 urte ditut), baina ziur nago ez dela asko izan.”
Gainontzeko langileen antzera, Pilik etxe-barneko lanaren aurkako argumentu orokorrak eman ditu, baina bat-batean, inork aipatu ez duen gai bat atera du: “Etxe-barneko langileak ez gara robotak. Sexu desioak ditugu eta ez ditugu nola asetu.”
“Klausurako mojen antzera bizi bagara ere, ez dugu kastitate-botorik egin!” Pilik hori esan eta barrez lehertu da aretoa. Aretoko langileek arrazoia eman diote: “Sexugabeko subjektu gisa tratatzen gaituzte. Logela ematen digutenez, gutxiago kobratzen dugu eta, hala ere, ezin dugu inor etxera ekarri.”
“Ez neskameak, ez etxekotuak: Langileak gara!”
Jardunaldiak amaitzeko, Etxekotu Gabeko Emakume Langileen kolektiboak Euskal Autonomi Erkidegoan etxeko eta zainketetako emakumeen egoera salatzeko Mundubat Fundazioarekin egindako kanpaina berri bat aurkeztu dute “Ez neskameak, ez etxekotuak: Langileak gara!” lelopean.
Zazpi etxeko eta zainketetako emakume langileren zazpi bizipen biltzen dituen bideo bat aurkeztu zuten. Bideoa hemen dago ikusgai.