Azpeitia Kalearen norabidea bihar aldatuko dute
Xabier Etxabe
Amarako Mendeurrenaren plaza zirkulazio anabasa bilakatu da. Mugikortasun sailak abian jarri ditu dagoeneko hiriko sarrera irteerak egokitzeko lehen aldaketak, eta, bihartik aurrera, Bizkaia pasealekutik dabiltzan gidariek adi jarraitu beharreko beste aldaketa batzuk ezarriko ditu.
Azpeitia kaleak norabidez aldatuko du. Honela, Antso Jakitunetik Bizkaia pasealekura doan bidea izan beharrean, Bizkaia pasealekutik, Easora, Erdialdera, jo nahi duten autoak igaroko dira bertatik. Ondorioz, egun, bertatik igarotzen diren 17-Gros-Amara eta 27-Altza-Antigua autobus zerbitzuek ibilbidea moldatuko dute. Azpeitia kaletik jo beharrean, Torcuato Luca de Tena kaletik egingo dute Bizkaia pasealekura. Ibilbide aldaketak, halabeharrez, ezerezean utziko du 17. lineak Azpeitia kalean duen geltokia.
Donostiabusek, dena den, bertan behera geratuko den geltokiaren lekuan, berria jartzeko asmoa du Bizkaia pasealekuan.
Deustura joateko
Hain zuzen, Mundaiz zubiaren alboan jarriko dute geralekua. Autobusen ibilbide aldaketa ostiraletik aurrera izango bada ere, geltokia ordurako ez dela prest egongo zehaztu dute Donostiabuseko arduradunek. Datorren asterako, ordea, markesina jarrita eta ingurua txukun egongo dela ziurtatu dute.
Aldaketak Deustuko unibertsitatera jo behar duten ikasle eta langileentzat autobusez iristeko aukerak handitzen dituela nabarmendu dute. Izan ere, geltoki honetan, Azpeitiakoan ez bezala, Altza-Antigua lineak ere geratzeko aukera izango du.
Autobus zerbitzuan moldaketa gehiago eragingo ez dituen arren, Azpeitia kalearen norabidea aldatzearekin batera, Araba parkearen alboan dagoen Parke kaleak bi noranzko izango ditu hemendik aurrera. Era horretan, Urbieta kaletik datozen autoek zuzenean jo ahal izango dute Mundaiz zubira. Bizkaia pasealekutik datozen autoek, aldiz, ezingo dute, orain arte bezala, Parke kalean sartu.