2017-02-26

Borja Cobeaga: “Zaila da komedia bat egiteko tentazioari eustea”

Nerea Lizarralde

Gabon zahar gaua, bidaiari guztiak aireportu batean utziko dituen elur ekaitza, hotel bat, misio bat… Borja Cobeagak (Donostia, 1977) bigarren film luzea zuzendu du, No Controles. Gaur bertan aurkeztuko du zinema aretoetan. Donostian Principe eta Antiguo Berrin izango da ikusgai. Sergio (Unax Ugalde) da protagonista. Bere neskalagun ohia berreskuratzeko azken aukera izango du Gabonetan.

Komediaren aldeko apustua egin duzu oraingoan ere.
Mendekotasuna sortzen du. Zure pelikula ikustera zoaz zinemara, eta publikoa barrez ikusten duzu. Zaila da komedia bat egiteko tentazioari eustea. Beste generoek ez dute erreakzio fisikoa, barrea, eragiteko ahalmenik. Drama bat ikus dezakezu, eta asko gustatu, baina ez duzu erreakziorik ikusten. Komedia batean jendea barrez ikusten baduzu lan ona egin duzun seinale da, eta adiktiboa da. Halere, komediaren bidez bide desberdinak egin daitezke. Ez dute zertan komedia ero eta erromantikoak izan behar. Film laburretan eta telebistan beste gauza batzuk ere egin ditut. Aitortu beharra dut, ordea, barru barrutik ateratzen zaidala komedia egitea. Zerbait idazten dut eta umorea egitea ateratzen zait.

Beste pertsonaia galtzaile bat aukeratu duzu protagonista gisa. ‘Pagafantas’-en Txema (Gorka Otxoa) ikusi genuen gustuko neskaren atzetik. Oraingoan, Sergiok (Unax Ugalde) bere neskalagun ohia berreskuratu behar du.
Txema gaiztoa eta liskarzalea zen. Nahi zuena lortzeko edozer gauza egiteko gai zen, edozein gaiztakeria, beharrezkoa baldin bazen. Sergio, aldiz, marmartia izan daiteke, pertsonaia grisa, baina ezusteko batek, elur ekaitza batek bizitza aldatuko dio. Bere hegaldia bertan behera geratuko da, eta bere neskalagun ohiarekin bigarren aukera bat lortzeko borroka egin beharko du. Sergio pasiboagoa da. Nahigabe, aireportuan, ezagutzen ez duen jendez inguratuta ikusiko du bere burua. Bea berreskuratzera derrigortuko dute. Oraingoan, desberdina da, gainera. Pagafantasek ez zuen ezer ligatzen; Sergiok badu maite duen norbait. Beak Sergiok pausoa ematea nahi du. Hori da bere benetako misioa.

Pelikula biribilagoa dela adierazi duzu.
Egitura aldetik bai behintzat. Pagafantas-en momentu onen eta ez hain onen segida bat zen. No Controles konpaktoagoa da. Gau berean eta espazio berean dena gertatzen da. Klasikoagoa da, bai. Finean, bodeville bat da. Egiturak pelikula borobildu egin du. Eta ez da Pagafantas bezain garratza. Asko gustatzen zait nire lehen filma, baina erregistroa aldatzeko gogoa nuen. Ez nuen hain zinikoa izan nahi. Bukaera samingarria zuen hark. Lur jota uzten zaituen horietakoa zen. Zinikoa izatea gaztetasunarekin lotuta dagoela uste dut. Lehenengo lanak egiten dituzunean ‘dena kaka bat da’ esaten duzu, horrela ateratzen zaizu. Eta No Controles-en hori ez da hain agerikoa.

‘Pagafantas’-ekin asetu ez zenituen ikusleei bigarren aukera eskatuko diezu?
Batzuei Pagafantas asko gustatu zitzaien. Bigarren hau ez da hain frikia. Publiko zabalago batengana iritsi daiteke, klasikoagoa baita, lehen esan dizudan bezala. Pagafantas asko gustatu zait lehen filma bezala, bere akatsekin ere bai.

Juancarlitros pertsonaia ‘Vaya Semanita’-ko Joxepo edo Pelanas baino barregarriagoa omen da…
Pertsonaia muturrekoena da. Diego San Josek eta biok sortu dugun pertsonaiarik deigarriena da. Umoregile izan nahi du, Sergioren aspaldiko laguna da. Fisikoki eta izaera aldetik pertsonaia hutsa da. Pelikularen arima da momentu askotan. Egoera ero eta barregarrienak berak sortzen dituela esango nuke. Halaber, Sergio eta Juancarlitros-en arteko kontrastea gustatzen zait. Pertsonaia errealista eta gris batetik, pertsonaia ero batera. Unax Ugaldek eta Julian Lopezek, aktore gisa, ere ez dute inolako zerikusirik…

Maitasunaren ‘Jungla de Cristal’ (Die Hard) moduan deskribatu duzu filma.
Akziozko filma da, baina atzerako kontaketa bat ere bada. Bruce Willisena Gabonetan, eraikin batean,eta gau bakarrean gertatzen da. Bahitutako guztiak erreskatatzea da bere egitekoa. Nirean, neskalaguna berreskuratzea da eginkizun nagusia. Protagonisten indarra eta abiadura akziozko filme batekoak bezalakoak dira. Tentsioagatik eta azelerazioagatik diot akziozkoa ematen duela.

Zu zeu, pelikula egin aurretik, aireportu batean geratu zinen behin harrapatuta…
Ideia nagusia, zortzi orduko iraupeneko komedia erromantiko bat errodatzea zen. Pasadizo hura lagungarria izan zen istorioa osatzeko. Inoiz ezagutu ez dudan jendea ezagutu nuen gau hartan. Oso jende arraroa egon ginen eserita afaltzen, mahai batean. Turista alemaniar bat, Alacanteko zapata saltzaile bat… Nahasketa interesgarria izan zen.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*