Ekaitz Saies (ekaitzsaies.com)
Sei aste bete zituen Ekaitz Saiesek (Parte Zaharra, 1982) eskuin hankan igeltsua jarrita. Izan ere, abendu hasieran peronea hautsi zuen. Duela bi aste igeltsua kendu zioten arren, lesioak eragina izango du bere prestakuntzan.
Zer gertatu zitzaizun?
Erarik txoroenean irristatu nintzen, Gipuzkoako plazako oinezkoentzako bidean motorrez nindoala. Zoritxarrez motorra hanka gainera erori zitzaidan eta peronea hautsi nuen. Istripua abenduaren 5ean izan nuen eta 6an ebakuntza egin zidaten. Orain, errehabilitazio garaia da.
Lesioak eragina izango du zure denboraldian, ezta?
Denboraldi-aurre eta neguko garaia oso garrantzitsua izaten da hobeto hasteko. Baina horrela gertatu da eta denboraldia beranduago hasiko dut. Lehiak martxoan hasiko dira eta hor egon nahi dut, baina besteak baino zertxobait polikiago eta atzeratuago.
Hala ere, ez duzu txapelketarik galduko.
Ez. Munduko Txapelketa abuztuan da eta aurten sailkapen probak jokatuko ditugu abuztuan bertan. Beraz, denbora izango dut ia %100ean jartzeko.
Zeintzuk dituzu denboraldiko erronkak?
Momentu honetan sendatzea da garrantzitsuena. Gero, aurrera begira, abuztuko Munduko Txapelketa da helbururik garrantzitsuena. Gainera, Olinpiar Jokoetan sartzeko sailkapen probak ere izango dira aldi berean. Beraz, momentuz hori izango da helburu nagusia. Hori baino lehenago, uda hasieran Europako Txapelketa izango da. Horretarako ere dagoeneko ongi egotea espero dut.
Iaz gustura geratu zinen burututako denboraldiarekin?
Aurten iazkoa hobetu egin nahi dut. Iazkoa esperimentazio urtea izan zen, distantzia olinpikoak aldatu zituztelako. Ordura arte, 1.000 eta 500 metroetan lehiatzen nintzen eta egitarau olinpikoan 500 metroak kendu eta 200 metroengatik aldatu zuten. Orduan, 1.000 edo 200 metroen artean, 200 metroengatik apustu egitea erabaki nuen. Distantzia askoz motzagoa da, batez beste 35 segundu inguru irauten duen proba. Esperientzia gutxi nuen eta azkenean iazko denboraldia ez zen oso ona izan. Ongi ibili nintzen momentu batzuetan, baina beste batzuetan ez hain ongi. Urteko lehenengo proba Munduko Kopa izan zen eta laugarren postua lortu nuen. Horretarako, adibidez, ez nuen halako helbururik eta ezustekoa izan zen. Baina gero, Europako eta Munduko txapelketetan aritu behar nuen ongi eta ez nintzen hain fin aritu.
Iaz hemen inguruan ibili zinen entrenatzen, Pasaian eta Orion. Aurten zein da zure asmoa?
Aurten ere Pasaian eta Orion ibiliko naiz. Hala ere, kontzentrazio batzuk egingo ditut ziur aski, istripuaren ondoren berriro ere kirolean bakarrik izateko arreta.