Jende gogorra
Unai Gaztelumendi, bertsolaria
Ume-umetatik entzun izan dudan gauza da. Nongoa naizen galdetu izan didatenean eta nik añorgatarra naizela erantzutean zenbat aldiz esan ote didate: «Joe, Añorga! Jende gogorra e!». Gogoratzen dut batez ere jende helduarekin pasa zaidala hori. Amassorrain ikastolatik Donostiara Santo Tomas Lizeora salto egin genuenean, irakasle batek baino gehiagok erantzun zidan hori. Edo bertsotan hara eta hona hasi ginenean inguruko herri askotan, berdin. Harrotasunez betetzen ninduen erantzun horrek, baina aldi berean, beti galdetu izan diot nire buruari zer egin ote dugun edo zuten gure aurrekoek fama hori irabazteko. Ez dakit horregatik izango den, baina umetan miresmen puntu batez begiratzen nien zaharragoei. Gazte Asanbladan zebiltzanei, edo kultur eta kirol elkartean lanean zebiltzanei, edo baita festetan goizean buruhandietarako esnatzen nintzenean gaupasaz zutik mantendu ezinik ikusten nituen haiei. «Jende gogorra» zen. Baina niri iritsi zitzaidanean bertako ekimenetan parte hartzen hasteko garaia, ez nuen miresten nuen hura aurkitu. Garai txarra egokituko zitzaidan. Añorgako mugimenduaren hauspoa inertzia ote zen sentsazioa izan dut urte askoan. Lehenago ez dakit, baina gure generazioan beti pertsona berak aritu izan dira lanean eta horrek azkenean erre egiten du. Nire txanda iritsi zenean jende erre asko ikusi nuen. Ni erreta ez,–horretarako lan gehiago egin beharko nukeen– baina bai, inertzia horretan eroso sentitu eta mundua ez genuela aldatuko eta etsita. Orain arte. Aurten ez dakit zer gertatu den, baina gauzak aldatzen hasi dira. Batetik, Gazte Asanbladaren lokala handitze lanean ari da, egun batetik bestera ero kolpe batean pintatu egin behar zela erabaki eta ero kolpe horrek horma zaharrak bota eta berriak eraikiarazi ditu. Eta bestetik, Añorgako Kultur eta Kirol elkartean ere aldaketa izan da. Lehenagoko inertziak eragindako ekintza puntualen lekuan orain ideia eta ekintza berriak etorri dira. Eta oso pozgarria egiten zait sortu berri diren bertso eskolak eta antzerki tailerrak hartu duten dinamika ikustea. Oraindik ere arratsaldeko bostetan gure amaren Kangoo gorria aparkatu, eta iluntzean Kangoo gris batean itzultzen naiz etxera. Baina Añorga aldatzen ari da. Eta ez gorritik grisera.