Jean Michel Cousteau ozeanografoa.
TolosaNaturaldia jardunaldien barruan antolatu dute Jacques Cousteauren semearen saioa
Zazpi urterekin bota zuen bere aitak lehen aldiz uretara. Asmatu berriak ziren aire botilak lotu zizkion bizkarrean urpean igeri egin ahal izateko. Orduz geroztik itsasoko erresumarekin maiteminduta bizi da Jean Michel Cousteau (1938, Toulon, Frantzia). Haren aita Jacques bezala, itsasoko esploratzaile nekaezina bihurtu da. Itsasoarekiko maitasun izan baitzen haren aitak utzitako ondare preziatuena.
TolosaNaturaldia jardunaldiek ingurumenaren alde egindako lana aitortu nahi izan dio, eta hitzaldi bat ematera gonbidatu du Aquariumen. Ostiralean izango da, 19:30ean. Cousteauk frantsesez egingo du hitzaldia, baina publikoak euskaraz eta gaztelaniaz entzun ahal izango ditu bere hitzak, aldi bereko itzulpen zerbitzua izango baita. Ozeanoetako abentura handia izenburupean haurtzarotik gaur arte urpean bizitakoa eta ikasitakoa kontatuko du.
Calypso eta Alcyone izeneko itsasontzietan munduko itsasoetan barrena ibili da, ikerketa lanetan. 1999an Ocean Futures Society erakundea sortu zuen bere familiaren ondarea omentzeko asmoz. Itsasoak zaintzeko eta hura babesteko beharraren inguruan hainbat kanpaina jarri ditu abian. Lurreko bizitzarekin hain harreman estua duen itsasoetako ekosistemaren hauskortasunaz ohartarazi ditu mundu osoko herritarrak. Arkitektura berritzailea eta ingurumenarekiko jarrera arduratsuagoaren alde egiten du Cousteauk.
60 urtez urpean
Gizakia eta naturaren arteko lotura dokumentatu, eta gizakiaren biziraupenerako itsasoek duten garrantzia azpimarratzen du. Besteak beste, «Babes ezazu ozeanoa, eta zeure burua babestuko duzu» leloa zabaldu zuen hainbat estatuburu eta enpresaburuen artean.
Itsasoa esploratzen, ikertzen eta ezagutzen eman dituen 60 urte hauetan guztietan bildutako esperientziatik abiatuta hitzaldiak eman ohi ditu Cousteauk. Ozeanografo gisa soilik ez, ur gaineko irla artifizialen, eskolen eta turismo zentroen diseinugintzan ere eskarmentu handia du. Itsasoaren gaineko zinemagintza lanetan ere aritu da, ekoizle gisa. Marrazoei buruzko bi lan egin ditu, besteren artean: «Marrazoek arrazoi gehiago dituzte geure beldur izateko. Haiek hiltzen jarraitzen badugu gure planetako espezie ederrenetako bat galduko dugu».
Sarrera doan izango da. Antolatzaileek, ordea, sarrerak aldez aurretik erreserbatu daitezkeela plazaratu dute. Aquariumera, 943 440099 telefonora deitu behar dute ikusleek.
Hitzaldia. Jean Michel cousteau.
Non. Aquariumen. Noiz. Ostiralean, 19:30ean.
Sarrera.Doan. Aldez aurretik erreserba egin daiteke, 943 440099 telefonoan.