Duncan Dhu Valladoliden elkartu da berriz ere, eszenatokian
Bikotea banandu zenetik hamar urte dira jada. Biek ala biek disko berria kaleratu dute: Mikel Erentxunek ‘Detalle del miedo’, Las Malas Influencias bandarekin, eta Diego Vasallok, berriz, ‘Canciones en ruinas’.
Valladoliden, asteazken gauean, elkarrekin igo ziren taula gainera Duncan Dhu taldeko kide ohiak. Vasallok hasi zuen kontzertua bere kantu berriekin. Gero Erentxunek jarraitu zuen bere kantuekin. Bakarkako bi emanaldiak bukatzean, ordea, elkarrekin igo ziren oholtza gainera. Besteak beste, ‘Esos ojos negros’, ‘Pienso en ti’ eta ‘Rosa gris’ abesti klasikoak interpretatu zituzten. Guztira bi ordu eta erdiko emanaldia eskaini zuten. Emanaldia «errepikaezina izan zela adierazi zuen Erentxunek kontzertuaren amaieran.
El Norte de Castilla egunkarian egindako elkarrizketa batean, ordea, Erentxunek Duncan Dhu berriz itzultzeko ateak beti zabalik izan direla adierazi du: «Ez dira inoiz itxita egon, Diego eta bion harremana oso ona delako, eta gainera kontratu bat daukagu oraindik indarrean gure diskoetxearekin. Baina errazagoa da gure izenekin edo beste izen batekin zerbait elkarrekin egitea, Duncan Dhurekin baino». Elkarrizketa berean Vasallok berriz ere Erentxunekin jotzeko ideia hasiera batean arraroa iruditu zitzaiola aitortzen du: «Ez zait atzera begiratzea gustatzen, eta honek Duncan Dhuren itzuleraren kontzertua zirudien. Baina azkenean bi artisten emanaldia zela ulertu nuen». Valladolidekoa oraingoz emanaldi bakarra dela adierazi dute, baina uda eta gero beharbada berriz itzuliko direla.