Lankide batek animatu zuen Igone Fernandez Mariezkurrena bere idatziak Rikardo Arregi sarietara aurkezteko. Erabaki egokia izan zen, Kazetari Berria saria jaso berri baitu.
(Argazkia: Maitane Aldanondo)
Pasai Donibanen jaioa eta bertako sentitu arren, Antiaguan luze bizi izan da Igone Fernandez Mariezkurrena. Lantokia ere hirian du,
Gaztezulo aldizkariko zuzendaria baita. Argitalpen horretan idatzitako 11 elkarrizketa eta bi erreportajegatik, 27 urtetik beherako profesionalei zuzendutako saria jaso du. Zuzendari gisa galderak erantzutea egokitzen bazaio ere, beste aldea, galdetzearena, nahiago du.
Zergatik erabaki zenuen zure lana lehiaketara aurkeztea?
Euskal kazetaritzan izen oneko sariak dira, eta
Gaztezulok aurretik irabazia du. Niri ez zitzaidan inoiz bururatu nire burua aurkeztea, baina Raul Perez lankideak animatu ninduen. Eta zergatik ez? 25 urte ditut eta tarte gehiegi ez dut. Zein lan aurkeztu erabakitzen hastean iazko maiatzetik aurtengora elkarrizketa eta erreportaje sorta majoa, anitza, banuela ohartu nintzen. Galbahetik igaro, eta osoenak, landuenak, aukeratu nituen; baita aniztasuna eta aberastasuna bilatuz, denetatik aurkezteko.
Saria espero al zenuen?
Ez nuen espero. Egindako lanekin gustura nengoen, baina zein maila edo noren artean nengoen ez nekien. Patxi Baztarrikak albistea emateko deitu zidanean, kristoren poza hartu nuen. Ezustea izan da, eta ona gainera.
Aurkeztutako 13 lanetatik zein nabarmenduko zenuke, eta zergatik?
Ezingo nuke bakarra aukeratu, bakoitzak balio berezia du arrazoi desberdinen batengatik. Esaterako, Guatemalako indigena bat, Marta Matzir, elkarrizketatu nuen. Oso berezia izan zen, indigenen kontuekin sentsibilizazio pertsonal berezia baitut. Alberto Iñurrategiri elkarrizketa egitea ere espeziala da… Alberto Iñurrategi, Alberto Iñurrategi da! Prostituzioari buruzko erreportajea, pertsonalki, oso aberasgarria izan zen; ordura arte nahiko ezezaguna zitzaidan mundu batean sartu nintzelako… Denak dira bereziak.
Zure estiloa goraipatu dute, freskoa, atsegina eta ausarta delako. Ausardiak arazorik eragin al dizu?
Bai. Haserretu zaizkit, batzuk, gainera, dezente. Ez dut izenik esango ez ditudalako hautsak berriro harrotu nahi. Hala ere, kazetaritzak ausarta izan behar duela uste dut. Zurikeria ez zait gehiagi gustatzen, are gutxiago kazetaritzan. Bururatu zaizkidan galdera gehienak egin ditut, edukazioz, inoiz ez modu txarrean. Estilo freskoari dagokionez, idaztean beti saiatzen naiz
Gaztezulo nori zuzentzen zaion buruan edukitzen; idazkerak gaztea izan behar duela, irakurterraza… Saiakera behintzat egiten dut, eta aintzatetsi badute, ez da gutxi.
Irakurlearekiko konplizitatea ere bilatzen duzula agerikoa da.
Kazetariak, lanbidea gustatzen bazaigu behintzat, pribilegiatuak gara. Lanbidea gustuko dut, ordura arte nireak sentitzen ez nituen munduetara hurbiltzeko leihoa delako. Elkarrizketatuen bitartez murgiltzen zara ezezagunak zitzaizkizun munduetan. Pribilegioa da, eta ahal den neurrian, irakurleekin partekatzea gustuko dut, konplize bihurtzea. Bizipen horiek ahal den neurrian helarazi, eta beraiek ere horren parte egitea.
Epaimahaiak hitzak kontuan hartuta, Donostiako uda freskatzeko gai bat proposatu.
(Barre artean) Zein zaila! Oso tipikoa izango da, baina uste dut Aste Nagusia dezente alda daitekeela Udal berriarekin. Erronka zaila badago: nola egin donostiarrei begirako uda; horrenbeste urtetan aldarrikatu den udara parte hartzailea, ez hainbeste turistei begirakoa.
Argi al zenuen kazetari izatearena?
Betidanik gustatu izan zait idaztea. Hala ere, ikastola amaitzean kazetaritzarekin zerikusirik ez duen zerbaitetara bideratu nituen nire pausoak: Biologia. La 2-eko dokumentalen zalea izan naiz beti, eta biologoa izan nahi nuen; Serengetira (Kenya) joan biologo lana egitera. Baina fakultateko lehen maila frustragarria izan zen. Kimika edo fisikara aldatu ordez, beste muturrera jo nuen, idazten eta sortzen gozatzen nuela banekielako.
Ikasketak amaitu gabe zenituela IRUTXULOKO HITZAN aritu zinen lanean. Zer nolako oroitzapen duzu?
Ona. Kazetaritza errealarekin lehen kontaktua izan zen. Jende oso konprometitua ezagutu nuen, gogo handikoa. Izugarrizko baliabide falta eduki arren –zentzu horretan ez naiz isiltzen euskal kazetaritzak baliabide falta handia du–, ilusioz lanean ari zena; eta ni ere kutsatu egin nintzen ilusio horrekin. Oso oroitzapen ona dut, nahiz eta lana ere egin behar den… Berez, nire lehen lanetako bat, oso gaztetxo nintzela
Irutxuloak eta
Gaztetxuloak banatzea izan zen, 14 euroren truke.
Urteen buruan, ordea, Gaztezuloko zuzendaria zara.
Erredakzioan hasi eta ia bi urtera, zuzendari izateko aukera sortu zen. 25 urterekin zuzendari izateaerronka nahiko indartsua zen niretzat. Albiste ona izan zen nigan konfidantza hori jartzea. Ikara ematen zidan, baina ezezkoak berez iristen dira bizitzan, beraz, onartu egin nuen. Oraingoz ondo doa, ilusioa eta gogoa ez zaizkit falta. Gainera uste dut
Gaztezulok zuzendari gaztea izatea ona dela.
Euskal prentsa nola ikusten duzu?
Ekonomikoki nahiko itota, baina kalitatea ez zaio falta. Kazetari onak badaude, gogoak ere badago, eta gaia ez zaigu falta. Zorionez, ez gara hildako herria, Euskal Herrian esparru askotan egosten dira gauzak, eta zeri buruz idatzi badago. Eraldatzen ari da, ezin da paperera soilik mugatuta ulertu, proiektu multimedia bilakatzeko prozuan sartuta dago.
Gazteengana iristeko erronka ere baduzue. Sare sozialak laguntza al dira?
Klabea izan dira zabaltzeko, jendea ezautzeko, eta komunikabideek horrenbeste eskertzen dugun elkarreragina lortzeko. Gazteekin lan egiten dutenek diotenez, gazteak toki batzuetan kateatuta daude, eta kosta egiten da hortik ateratzea. Buru argiena, gure ustez, gazteak dauden tokira jo, sare sozialetara alegia, hor eskaitzeko duzuna erakutsi, eta eskutik helduta, gazteak zurera ekartzea da.