ONCEk 3,42 milioi euro eman ditu
Larunbatean berriro ONCEko kupoiak saria utzi zuen Donostian. Ekainaren 10etik itsuen erakundearen zozketak dirua dakarren hirugarren aldia da.
Aquariuma, 2016ko hautagaitza, Realaren mendeurrena… Horiek eta beste batzuk erabili izan ditu ONCEk itsuen aldeko kupoiaren azala apaintzeko. Azken asteetan, ordea, jokozaleek beste modu batean lotu dute kupoia Donostiarekin. Zorte ona Gipuzkoa inguruan ohiko egiten ari da, eta milioi jarioak bereziki busti du hiria azken hilabetean. Izan ere, azken bost asteetan 3.420.000 euro ekarri baitituzte hirian saldutako txartelek.
Amara Berri auzoa izan zen ekainean sarien gunea. Ekainaren 10ean Madril hiribidea eta Eustasio Amilibia kaleen artean kioskoa duen Fernando Suriok 35.000 euroko saria zuten 20 txartel saldu zituen. Asteburuetako kupoi berezia den Kuponazoaren zozketak 700.000 euro horiek utzi eta bi astetara, ekainaren 30ean, sari berria izan zen auzoan. Oraingoan, ordea, Isabel II eta Felipe IV kaleen artean dagoen kioskoko Jose Antonio Txintxurretak banatu zituen zorioneko bi txartelak. Guztira, 70.000 euro.
Larunbatean, Parte Zaharrean
Hondarribia, Zarautz, Aretxabaleta… Gipuzkoako beste herri batzuetan dirua utzi ondoren, zoria, berriz ere, hirian izan zen Karmengo Amaren egunean. Jose Maria Ugarte saltzaileak bere eskuetan izan zituen larunbata arte 94.103 zenbakia zuten kupoiak, eta 35 saldu zituen. Erosterakoan horiek aukeratu zituztenek 25.000 euro jasoko dituzte; batek izan ezik. 018 seria duen txartela eskuetan duenak, 6.000 euro jasoko baititu hilero datozen 25 urteetan.
Patrikak diruz bete dituztenak bezain hunkituta egotea zaila den arren, Ugarte pozez gainezka zegoen. «Ia 25 urte daramatzat kupoiak saltzen. Iaz sari nagusiaren hurrengoa eman nuen, eta lau zenbakiko txartel asko saldu ditut, baina hau da ematen dudan lehen saria». Zozketa mota bakoitzeko diru sariak zehazten dituzten afixekin apaindua du bere txokoa, eta soinean ere zintzilik darama pare bat. «Askok tokatzen den galdetzen didate, eta orain baietz esan dezaket, nik eman dudalako!», argitu du barre artean.
Sarituetako batzuk ezagutzen ditu, baina ez du nortzuk diren esan nahi. Astegunetan Elkano kalean saldu zituen 10-15ak, ohiko bezeroen eskuetan daude; asteburuan Bulebarreko kioskoan banatutakoak, berriz, ez ditu ezagutzen. «Azken orduan ostiralean jokatutakoa jasotzera etorri zen ezagun bat. Zein hartu pentsatzen aritu zen, eta 94.103 zenbakia zutenetako bat hartu zuen». Gogoan du ere aita-seme edo aitaginarreba-suhi bikote batek kupoia erosi zuela, zenbaki egokikoa zen ziur ez badaki ere. «Ika-mikan aritu ziren nituen hiru zenbakietatik zein hartu. Zaharrenak 3a amaieran zuena hartzeko esan zion, aspaldi ez zela tokatu». Ugarte bera ere gertu izan zen. Salgai dituen zenbakien kupoi bana erosi ohi, baina larunbatean hiru desberdin izan arren, bakarra erosi zuen. Tamalez, ez zuen ondo aukeratu. Bezeroen eskertza eta zorionak nahikoa ez badira, salmenten igoera ere kontsolagarri izango du. Izan ere, azken aldiko euro boladak, jende gehiago animatu baitu zortea tentatzera.
Zenbaki asko dira, eta zaila da norberarena irabazle suertatzea. Ugartek dioen bezala, horretarako «egokia erosi behar da». Hala ere, derrigorrezko lehen pausoa erostea da. Zalantza dutenentzat pizgarria Udako Ezohiko Zozketak 20 milioi euro daude jokoan. Hemen inguruan tokatuko den, auskalo.