Barru! ba! biok! kalera!
Haurrek primeran pasa dute Alde Zaharra Kirol Elkarteak antolatutako Barrene Egunetan parte hartzen.
Trinitate Plazako frontoia haurrez bete da eta atzerritarren arreta deitu dute.
Trinitate Plazako frontoia esku pilotaren gunea bihurtzen da Aste Nagusian. Ikastaroen ordua bukatu ostean, Barrenearen txanda iristen da. Haurrak jokatzeko irrikitan egoten dira eta edozein txokotan jartzen dira pilotari ematen. Haurrak pilotan, eta gurasoak harro, seme-alabei begira. Guztiaren ardurapean, berriz, Alde Zaharra Kirol Elkarteko Iñaki Fernandez aritzen da. Aurten laguntzaile gutxi izan ditu, baina ez du inongo arazorik haurrekin ongi moldatzeko.
Fernandez berak erabakitzen ditu txandak: «Barru! Orain 10 urtetik beherakoak!»; eta hori bukatzean: «Orain 13 urtekoak!». Jokatu gabe ikusten duenari segituan egiten dio errieta: «Aizu, nik alperrak ez ditut batere gustuko!». Jokatzen ari direla, hutsa zeinek egin duen zalantzaren bat badago ere, segituan argitzen du kontua: «Zu! Kalera!». Batzuetan, indartsuegi emateagatik, pilotaren batek edo bestek alde egin die frontoitik. Orduan ere entzun behar izaten dituzte: «Ez eman halako indarrarekin pilotari!». Edonola ere, nabari da guztiek errespetua diotela Fernandezi, zintzo-zintzo betetzen baitituzte bere aginduak, kexatu gabe. Gainera, kexatzeko arrazoi gutxi izaten dute txikiek, kolpe eta kolpe artean opariak jasotzen baitituzte; Barrene Eguneko elastikoak, edota indarberritzeko patatak eta ura.
Jokalari berriak
Trinitate plaza Parte Zaharreko bihotzean egonik, egunotan Donostiara hurbildutako atzerritar askoren harreta pizten du barreneak. Gaurkoan, besteak beste, Vienako lau lagun geratu dira haurrei zur eta lur begira. Bertako batek jokoak zertan zetzan azaldu die, eta bi mutil jokatzen ere ausartu dira. Pilotari bi kolpe eman ostean, ordea, jokoa uztea erabaki dute, eskuan min hartzen baitzuten, ohitura faltagatik.
Aste Nagusiko Barrene Egunak bukatu diren arren, esku pilotak ez du Trinitate Plaza agurtuko. Bihar bertan, Aste Nagusiko XXIII. Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte, 10:30etik aurrera. Ikuskizuna ziurtaturik egongo da.