Etxeratek ez du duela bi urte egindako manifestazio baten isuna ordainduko
Presoen aldeko protestan pankarta eraman zuten lagunei 500 euroko isun bana ezarri diete
Etxeratek duela bi urte presoen alde egindako agerraldi bat dela-eta jasotako zigorren inguruan prentsaurrekoa egin du Sarriegi plazan. Elkarteko Josune Dorronsoro eta Periko Estonba ordezkariek Aste Nagusian egindako protesta hura Auzitegi Nazionalak eta Barne Sailak «bidegabeki» debekatu zutela salatu dute. Preso politikoen beste hiru senideei bezala, 500 euroko isun bana jarri diete manifestazio hartan pankarta eramateagatik. Presoen eskubideen aldeko manifestazioan parte hartzeagatik jarritako isuna ez dutela ordainduko adierazi dute prentsa aurrean.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak ekimena debekatzeko agindua eman zuen protesta egin baino bi egun lehenago. Etxeratek ostiralero egiten duen manifestazio bat gehiago zen. Dorronsorok eta Estonbak Etxeratek antolatutako ekitaldien debekua orduan izendatu berria zen barne kontseilari Rodolfo Aresen «propaganda oldarraldia» izan zela salatu dute, eta ez «zuzenbidean oinarritutako irizpideekin hartutako neurria».
Ildo beretik, Etxeratek azken urtetan euren lana, politikan zein hedabideetan, «estutu eta jazarri» egin dela adierazi dute: «Gure elkartearen izateko arrazoia hura lehenbailehen desagertzeko beharra eta borondatea da. Espetxe politika gertutik ezagutu eta haren ondorio larriak sufritzen dituzten pertsonek osatutako taldea gara».
Gogor kritikatu du Etxeratek Aste Nagusiko jaiak direla-eta ostiralero Parte Zaharrean eta Erdialdean egiten duten presoen eskubideen aldeko manifestazioaren ibilbidea aldatu egin dutelako. Etxerateko kideen ustez, «batzuentzat elkarrizketa eta agintzea baliokideak diren froga. Etxerat giza eskubideen aldeko elkartea da, eta bere kideak gure herriak bizi duen gatazkak ondorioz ekartzen duenaren zati bat». «Ez dugu gure sufrimendua barne tragedia bihurtzea nahi, ezta inork kriminalizatzea ere», azpimarratu zuten. «Presoen eskubideen alde egiteko euskal gizarteak ezagutu behar duen errealitatea da», erantsi zuten senideek.
Euskal presoen eskubideak babesteko ahal duten guztia egingo dutela ziurtatu dute: «Gure tresna onenekin; testigantzekin, elkarren laguntzarekin, salaketarekin, gizarte mobilizazioarekin, maitasunarekin eta elkartasunarekin. Etxean izateko helburuak elkartzen gaituelako».