Gezurra egi bihurtzeko ahalegina
Hamar urte bete dira, Aste Nagusiaren biharamunean, Maritxu Eraunzetamurgil hil eta Jokin Galarraga larri zauritu zela jostailuzko auto baten leherketaren eraginez.
Duela hamar urte gertatu zen, Aste Nagusiaren biharamunean; 2001ko abuztuaren 20an, hain zuzen ere. Astelehen hartan leherketa bat izan zen 10:45ak inguruan, Aldamar kaleko 22. zenbakiaren ondoan, Opel Corsa txuri baten barruan. Autoan Maritxu Eraunzetamurgil eta Jokin Galarraga zeuden, beste hiru seniderekin batera. 62 urteko emakumea eztandaren ondorioz hil zen; 16 hilabeteko bere biloba, berriz, itsu geratu zen zauriak zirela-eta.
Bolborazko lehergailua zuen jostailuzko automobil batek eragin zuen leherketa, mugimenduan jartzen zuen etengailuari ekin eta gero. Jostailua Narrika kaleko taberna bateko komunean topatu zuen asteburuan senide batek, eta haurrari oparitzea erabaki zuen. Hamar bat gramo bolbora zituen jostailu-bonbak, eta lehertzeko orduan metalezko zati bat indar handiz irten zen bere kaxa. Pieza horrek Maritxu Eraunzetamurgilen karotida ebaki zuen; ondorioz, odolustu egin zen emakumea. Beso artean zuen biloba txikia oso larri zauritu zen, aurpegian eztanda egin baitzion lehergailuak.
Aznarren agintaldian
Ezbeharra zela-eta, agintariek adierazpenak egin zituzten. PPko Jose Maria Aznar zen orduko Espainiako presidentea eta Mariano Rajoy, egungo presidentegaia, Barne ministroa. PPko kideek ezker abertzaleari egotzi zioten leherketa, martxoaren 11ko Madrilgo atentatuekin hiru urte geroago erabiliko zuten estrategia bera jarraituz.
«Ezin dugu inongo hipotesirik baztertu, baina Barne Ministerioko inteligentzia zerbitzuek diote kale borroka ekintza bat izan dela», adierazi zuen Rajoyk. Orduko Barne ministroaren arabera, jostailu-bonba larunbatean agertu zen taberna bateko komunean, «Batasunaren manifestazio ilegala ospatu zen egunean».
Eusko Jaurlaritzako garai hartako bozeramaile Josu Jon Imazek ere ez zuen zalantzarik izan: «Izen batekin edo bestearekin, bistan da lehergailu bat izan dela. Nahi dugun bezala dei dakioke, baina hilketa bat izan da; atentatu bat, azken batean», adierazi zuen EAJko agintariak.
Honela gauzak, Espainiako Gobernuaren inguruko komunikabideek egindako presioaren ondorioz, hasierako zantzu guztiek ekintza ETAri edo kale borrokari leporatzea baztertzen zuten arren, «terrorismoa bultzatzen dutenak» izan zirela zioen tesia zabaldu zuten lau haizetara.
Ezker abertzaleak, bere aldetik, «gerra zikina» aipatu zuen leherketari buruzko iritzia plazaratzeko orduan. Batasuneko kide Joseba Permachek Rajoyren hitzak salatu eta komunikabideek zabaldutako informazioek ezker abertzalea «kriminalizatzeko» helburua zutela nabarmendu zuen.
Eskuin muturra ala rol jokoa
Hamar urte pasa dira eta oraindik ez dute argitu bolboraz osatutako jostailua nork prestatu zuen. Hori bai, polizia ikerketak egin dituzte orduz geroztik, baina txosten hauen emaitzak ez dituzte sekula argitaratu; ikerketek agintariek eta hainbat komunikabidek hasieran esandakoa gezurtatzen dutelako, beharbada. Izan ere, Euskal Memoria Fundazioak argitaratutako Gernikako seme-alabak liburuan aipatutakoaren arabera, polizia txostenek diote egileak eskuin muturrekoak edo rol jolas beltz bateko parte hartzaileak izan zirela. Liburuan 1960 eta 2010 bitartean errepresioak eragindako hildakoen aipamena egiten dute; Maritxu Eraunzetamurgil zerrenda horretan dago, beste 37 donostiarrekin batera.
AVTk Aldamar kaleko gertaera erabili zuen ‘Haika-Segi auzian’
«Ageriko gertaerak daude eta agerikoak direnek ez dute frogarik behar; mundu guztiak daki horrela direla». Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) ordezkari Pedro Cerracinen hitzak dira horiek, ‘Haika-Segi auzian’ 2005eko apirilean esandakoak. AVTk herri akusazio gisa hartu zuen parte epaiketan, eta auzipetuak zigortzeko «ageriko gertaera» asko zeudela nabarmendu zuen; Aldamar kaleko leherketa, kasu. Hain zuzen ere, Jarrairi egotzi zion gertaera, «mundu guztiak daki» argudiatuta.
Gazteak zigortzeko frogen beharrik ez zegoela berretsi zuen, zantzuen zerrenda luzea zegoelako bere iritziz. Besteak beste, epaiketa saioetan barre egitea, hankak igota jesartzea edota lekukoek eskuak poltsikoan dituztela deklaratzea argigarria zela azpimarratu zuen Cerracinek: «Banda kriminal bateko kide direnen jarrerak dira».