Dantzarako baino, ikusteko prest
Aste Nagusiko galdu ezineko hitzorduetako bat da urteroko euskal dantzen erakustaldia;
aurten Irungo Kemenek osatu du normalean hiriko taldeek betetzen duten emanaldien zerrenda.
Hiriko euskal dantza talde handiek gorriz markatzen dute Aste Nagusia beraien egutegian. Izan ere, gutxitan izaten dute horren publiko zabalaren aurrean jarduteko aukera. Asteartean hasi eta gaur bukatuko den erakustaldian, Goizaldi, Arkaitz, Kemen –hauek Irungoak dira–, Gero Axular eta Eskola dantza taldeak ari dira parte hartzen. Egunotan Konstituzio plaza izan dute eszenatoki hiriko dantzariek, eta publikoa ez dute faltan izan egunero enparantza lepo betea egon delako.
Asteazkenean Irungo Kemen taldea jardun zuen gonbidatu gisa. Beroketa eta hasi aurreko detaile guztiak mimoz zaindu zituzten, jakin bazekitelako aurrean zuten publikoak zorrotz begiratuko zuela.
Donostiarrak ez ziren izan Aste Nagusiko dantza emanaldiak gozatzen bakarrak, hamarnaka hizkuntza entzun baitzitezkeen udaletxe ohiaren aurreko jardunari beha zeudenen ezpainetatik: aho zabalik batzuk; kamerekin etorkizunerako argazkiak gorde nahian besteak; adi-adi denak.
Kemeneko mutilek adituen eta arituen komentarioak eragin zituzten. «Ikusi al duk? Den-denek altxatzen ditek hanka! Ederki ikasi ditek!», esan zioten elkarri dantzari planta zuten bi mutilek, inbidiaz edo. Izan ere, bolo bolo baitabil Donostian dagoen mutilezko dantzarien falta.
Saio klasikoa eskaini zuten Kemen taldekoek; baina, ezbairik gabe ondo osatutakoa. Berrikuntzak espero dituenak, aukera paregabea izango du gaur, 20:00etan; berriro ere, Konstituzio plazan. Izan ere, Eskola Dantza Taldearen txanda izango da, eta hauek, betiko euskal dantzak ederki menderatzeaz gain, sormenari tartea egiten diote. Iaz, esaterako, Nafarroako kateak irudikatzen zituen dantzarekin liluratu zituzten ikusleak.