"Garaipena beti da pozgarria eta Antiguako txapelketak ospea du"
Beñat Arzelus, Pilotaria
Behin Frontis enpresarekin zuen kontratua hautsita, afizionatuetan jokatzera itzultzeko arazoak izango zituela uste zuen; hala ere, udaran hainbat lehietan parte hartu du, eta Antiguako irabazlea izan da asteburuan, Joseba Ezkurdia aurrelariarekin batera.
Bi urterako kontratua sinatu zuen Frontis enpresarekin, 2009tik 2011ra. Iazko urrian, ordea, enpresa itxi egingo zutela eta, berriro afizionatuetara itzuli zen Beñat Arzelus (Egia, 1990). «Partida gutxi zeuden, eta jokatu gabe egotea denbora galtzea zen», aipatu dio Arzelusek Irutxuloko Hitzari. Aurrera baikor begiratzen du eta jauzi handiago bat emateko zain dago.
Berezia izan da zuretzako aurtengo Antiguako Txapelketa, ezta?
Behin Frontis utzita, afizionatutan jokatzeko ez nindutela hartuko esan zidaten. Hala ere, Antigua, Zumaia eta Burlatako txapelketetarako deitu zidaten, baita Grounda jokatzeko ere. Ilusioa handia egin zidan Antiguakoa jokatzeak; gainera, etxetik gertu egonda, lagunek joateko aukera izan dute. Helduekin jokatzeko esan zidatenean, beldurtu egin nintzen, ni baino esperientzia gehiago baitute.
Zure aurrelaria izan da Ezkurdia. Lehenagotik ezagutzen zenuen?
Bai! Arbizukoa da eta txikitatik ezagutzen dut. Lehen atzelaria zen eta Ansotegi izaten zuen bikote. Gero, aurrean jokatzen hasi zen, eta berarekin jokatu dudan lehen txapelketa izan da Antiguakoa. Esperientzia ona izan da eta oso ongi moldatu gara. Lehen partida ez genuen oso ona egin, baina gero hobeto aritu ginen.
Finala 22-8 irabazi zenuten. Espero zenuten halakorik?
Edozeinen aldeko partida izango zela uste nuen, eta 22-20ko markagailuarekin. Nik ondo jokatu nuen, baina Ezkurdiak bukatu zuen. Gainera, Baezek eta Otxandorenak gutxi egin zuten.
Zer suposatu du garaipenak?
Garaipena beti da pozgarria eta Antiguako txapelketak ospea du. Gainera, pilota enpresetako arduradunak joaten dira begiratzera, eta ea zortea dudan. Beti nabil esperantza horrekin, baina faktore askok eragiten dute; zortea, atzelari beharra egotea…
Nola ospatu zenuten?
Elkarrekin bazkaltzera joan ginen, gero zerbait edan eta etxera joan nintzen, atseden hartzera. Hurrengo egunean gorputza minduta izan nuen, pasatako urduritasunagatik. Finalera gaizki lo eginda joan nintzen; oso urduri nengoen.
Frontiseko esperientzia aberasgarria izan dela nabaritzen duzu?
Pilotariek gora-behara asko izaten ditugu. Orduan, gaizki zaudenean, zaila da ongi jokatzea, burua ez dihoakizulako ongi. Ongi zaudenean, gogo gehiagorekin zabiltza eta moldatzeko gai zara. Urtebete izanda, ez dut gehiegi ikasteko aukera izan, baina abantaila da beti ere. Badaude kolpe gutxiko pilotariak, baina denari eusten diotenak. Horiei jo eta jo aritzen bazara, lehenago nekatzen zara, eta polikiago joaten jakin behar da. Takoak hobeto jartzen ikasteko ere balio izan dit. Bestetik, Espainia aldera ere bidea zabaldu dit. Burgosen jokatzeko aukera izan dut, esaterako, eta ez du hemengoarekin zer ikusirik.
Asko eskatu izan dizute prestakuntza aldetik?
Bueno, nire buruari beti asko eskatu diot, aitak ere asko eskatu izan dit eta familia beti izan dut gainean. Profesionaletan, ikusleek ordaindu egiten dute partida ikusteagatik eta zerbait espero dute. Onena eman behar duzu, ez baita polita txistuak entzutea. Ongi prestatua joan izan naiz, eta onena ematera.
Udan haurrei irakasten ibiltzen zara. Gustuko duzu?
Ikastaroren bat eman dut Loiolan eta Trinitateko frontoian. Gustuko dut, baina nahiago dut helduagoekin aritu, posturak hartzen eta nola jo irakasteko. Haur txikiekin hutsetik hasi behar zara eta ez zait iruditzen horretarako balio dudanik. Pilotan edo edozein kiroletan aritzeko, gogoaz gain, berezko zerbait behar izaten da.
Zuri nork lagundu zizun hastapenetan?
Ikastolan hasi nintzen, nire adinekoekin jokatzen. Baina taldea desagertu egin zen eta helduagoekin entrenatu behar izan nuen, txapelketetan jokatzeko aukerarik gabe. Urtebetez eskola mailan jokatu nuen eta Alde Zaharra Kirol Elkartean aritu nintzen, Iñaki Fernandezekin, lau urtez. Añorgan urtebetez egon nintzen gero, kanpoan gehiago jokatzen zutelako. Baina azkenean Alde Zaharrera itzuli nintzen, ez nuelako aurrean jokatu nahi. Azkenean Fernandezek Amezketako Xaltorengana bideratu ninduen, 13 urterekin. Bertan asko ikasi dut eta hor jarraitzen dut, oso gustura.
Orain zein txapelketetan arituko zara?
Lezoko txapelketan Ansotegirekin arituko naiz. Gero, Gipuzkoako Txapelketa izango dut eta Egiako Txapelketan Jakarekin jokatuko dut. Ongi moldatzen gara Jaka eta biok, baina nahiko irregularrak gara.