Antigua Luberri, atzerrira zabalik
Europako hamaika hezkuntza proiektutan parte hartzen du Antigua Luberri ikastetxeak. Horri esker, batxilergo eleanitzeko ikasleek, hizkuntzan ikasi eta mugikortasun programetan parte hartzeko aukera dute.
Atzerriko hizkuntzak jakitea gero eta garrantzitsuagoa da, baita kanpoaldean egonaldiak egin izana ere. Horretaz jabeturik, hezkuntza eleanitzaren aldeko apustua egiten dutenak gero eta gehiago dira. Etorkizunari begira ekar ditzakeen abantailez gain, ikasleentzako aberasgarria ere bada. Horiek gainera, elkartruke proiektuekin uztartuz gero, ikastea erakargarriago bilakatzen da. Aukera hau ematen duen ikastetxeetako bat Antigua Luberri da.
Antiguako ikastetxeak urteak daramatza batxilergo eleanitza irakasten; eta aukera hau hautatzen dutenek euskara eta gaztelania jakiteaz gain, ingelesa eta frantsesa menperatzera iristen dira. Ikastetxe aitzindaria da. Izan ere, ELOS –Europar eta nazioarteko orientabidea duen ikastetxea– proiektuan parte hartzen duen EAEko bost ikastetxeetako bat baita 2007tik. “Profil zehatza eta ezaugarri batzuk zituzten ikastetxeak behar zituzten, eta proposamen hori orain lauzpabost urte egin ziguten”, argitu du ikastetxeko Europar Koordinatzailea den Eva Insaustik. Besteak beste, ikasle trukaketak, laguntzaile linguistikoak nahiz proiektu europarretan parte hartzea eskatzen zuten.
Azken urteetan, Alemania, Irlanda, Estonia, Frantzia, Danimarka eta Norvegiako ikastetxeekin. Aurten, Comenius mugikortasun programari esker, bi ikasle donostiarrek Chateaudunen(Frantzian) ikasiko dute Eguberria arte. “Astean zehar barnetegian daude, eta asteburuetan, beraien burua eskaini duten bertako familiekin. Hiruhileko osoa egongo dira. “Hasieran pixka bat kostatu bazaie ere, ondo moldatzen ari dira”, azaldu du Insaustik. Ekimen hau gauzatzen lehenak dira EAEn.
Alemana ere bai
Europako egitasmo horren barruan ere, Alemaniako Miden hiriko Kurt-Tucholsky-Gesamtschuleko 20 bat ikasle Donostian izan dira, astelehena arte. Bertakoak aldiz, apirilean joango dira Midenera. 2000. urtean Dublinen (Irlanda) egindako mintegi batean izan zuten elkarren berri, eta ordutik, etengabe elkarlanean aritu dira hainbat proiektutan. Batxilergo Eleanitzeko lehen urteko ikasleak alemaniarrekin batera garapen iraunkorrari buruzko proiektua gauzatzen ari dira Nazioarteko Ikasketak hautazko irakasgaiaren barruan. Garapen iraunkorraren hainbat alor aztertzen ari dira, nagusiki, hirugarren munduko herrialdeak aintzat hartuz. Boluntariotzaren urtea dela kontuan hartuta, GKEk egiten duten lana ere barneratu dute.
Lana ingelesez jorratzen ari badira ere, helburuetako bat linguistikoa denez, partaideek beste hizkuntza atzerritar bat ikasi behar dute. Hori horrela, alemaniarrek gaztelera ikasiko dute eta donostiarrek, Angie Trieglaff Comenius hizkuntza laguntzaile alemaniarraren eskolak jasoko dituzte astean behin. Insaustik gogoratu duenez, “ikasle gehienentzat alemana beraien bosgarren hizkuntza izango da. Elebiduna izateaz gain, ingeles maila oso ona dute, eta askok, frantsesa ere ikasi dute DBHn”.
Astelehenean ospatu zen Hizkuntzen Europako Egunari lotuta, Insaustik, Pili Ibañezek eta Xabier Alberdik osatzen duten batzordeak, hainbat ekimen prestatu zituen. Comenius programako partaideek hainbat hizkuntzatan “Hitza” idatzita zuten bokadiloekin irudi bat osatu zuten. Horrez gain, ikastetxeko ikasle guztiek txapelketa batean parte hartu zuten. Hamabost hizkuntzatan idatzitako testuak banatu zituzten, eta hauek zegokien hizkuntzarekin lotu behar zituzten partaideek.