Realak lagunartekoa jokatuko du Zarautzen gaur arratsaldean
Osasunaren aurka aritzeko, lehen taldekoez gain, Pardo, Ros eta Iker Hernandez deitu ditu Montanierrek
Igandekoa ahazteko edo, lagunarteko partida jokatuko du
Realak Osasunaren aurka, gaur arratsaldean. Zarauzko Asti
zelaian izango da partida, 17:00-etan. Lehia horretarako, lehen taldean jokatzeko moduan dauden guztiak deitu ditu Philippe Montanierrek; 17 jokalari guztira. Horietaz gain, ordea, Pardo, Javi Ros, eta Iker Hernandez gazteei ere luzatu die deia.
Astelehenean atseden eguna izan zuten lehen taldeko jokalariek. Atzo izan zuten lehen entrenamendua eta behin hori bukatuta eman zuen entrenatzaileak deialdiaren berri. Ligako atsedenaldia dago aste honetan eta euren selekzioekin jokatzen duten jokalari txuri-urdinak kanpoan daude dagoeneko. Beraz, honakoak egongo dira gaurko partidan: Zubikarai eta Ramirez atezainak; Carlos Martinez, Dani Estrada, Mikel Gonzalez, Cadamuro, Ansotegi, eta De la Bella defentsak; Xabi Prieto, Sarpong, Markel, Zurutuza, Aranburu, Ros eta Pardo erdilariak; eta Ifran, Llorente, Agirretxe eta Iker Hernandez aurrelariak.
Hurrengo astean itzuliko da Liga eta Realak etxetik kanpo jokatu beharko du. Zaragoza izango da txuri-urdinen aurkaria, urriaren 16an, 16:00etan.