Mikel Azpirozek piano doinuekin jantzi ditu Jabier Muguruzaren abestiak
Harkaitz Canoren ‘Zinea eta literatura’ liburuko testu batek Jabier Muguruzaren arreta erakarri zuen: “Gizona zineman pentsakor agertzen denean eskua kokotxean agertzen zela esaten zuen. Emakumea, berriz, leihotik begira». Ideia hura abiapuntu hartuta abesti batentzako hitzak idazteko eskatu zion Muguruzak. Esan eta egin. Horrela sortu zen Irungo musikariaren disko berriari izena eman dion abestia, ‘Bikote bat’. «Esaten duenagatik, esaten ez duenagatik, aditzera ematen duenagatik… Ederra da». Hitzetan hainbat kolaboratzaile izan ditu, baita musikan ere. Mikel Azpiroz piano jotzaile donostiarra izan du bidaide proiektu berrian.
Pianoa eta ahotsaren jolasa Pianoa eta ahotsaren arteko etengabeko jokoa egin dute Muguruzak eta Azpirozek. Isiluneak, musikaren abiadura, hitzak… «Deabruzko joko horretan oso ondo moldatu da Mikel». Azpirozen ustez, «Oso elkarrizketa naturala izan da. Beharbada musikan aspaldiko harremana dugulako, baita harreman pertsonala ere bai. Kontzeptualki ere erronka bazen. Nola jantzi Jabierren ahotsa eta esaldiak esateko modu berezi hori? Haren isiluneak ere errespetatu behar nituen».
Muturreraino eraman du Muguruzak bere ibilbidean ohikoak diren giro intimista eta isiluneen erabilera: «Alde horretatik nik orain arte egindako apusturik erradikalena da. Musika estandarretik urrun, hizkuntza indartsuenetatik urrun; oso modu biluzian eskaintza zuzen bat plazaratzen saiatu gara. ‘Fiordoan’ (1999) eta ‘Hain guapa zaude’ (2001) diskoetan ere antzeko apustua egin nuen, Azpirozekin ere lan egin nuen orduan, baina oraingo honetan muturrera eraman dut. Oso pozik nago disko berria aurkeztu dudalako. Ospatzeko eguna da. Egun garrantzitsua da niretzat».
«Erronka polita izan da Jabierrekin lan egitea. Hamahiru urte dira berarekin azken diskoa grabatu nuenetik. Plazera izan da berarekin lan egitea, oso gustura lan egin dut, eta gustura gaude emaitzarekin, adierazi du Azpirozek. Muguruzak konposatu ditu abesti guztiak pianoan, bat izan ezik. Azpirozek konposatutako pieza instrumental bat baitago; Jolasean izena du bere kantak. Moldaketak ere Azpirozek berak egin ditu. Diskoa bi fasetan grabatu zuten. Lehena, El Vendrelleko Auditorin egin zuten. Bertan grabatu zituen Azpirozek piano doinuak. Eta bigarrena, Katarain estudioetan, Nafarroan. Bertan grabatu ziren Muguruzaren ahotsa eta eskusoinua, baita Mireia Otzerinjauregiren ahotsa ere.
Jazzaldia eta Jackson Browne Diskoko kolaborazio bereziena Jackson Browne musikariarena izan da. Biak ala biak, Azpiroz eta Muguruza, AEBetako konpositorearen zale amorratuak dira: «Izugarria da herri musikaren mitoa gure diskoan egotea. Ederra da». Joan den Jazzaldian Brownek kontzertua eman zuen Donostian eta harekin harremanetan jarri ziren diskoan kolaboratzeko. Zuzeneko bira ere elkarrekin egingo dute Irungo eta Donostiako musikariek. Hurrengo azaroaren 4an Lugaritz kultur etxean izango dira. «Zuzenean diskoaren edukia inoiz baino modu fidelagoan erakutsiko dugu eszenatokian. Pianoa, akordeoia eta ahotsa izango da. Banan bana disko berriaren kanta guztiak joko ditugu», azaldu du Muguruzak. Donostian ez ezik, Madrilen, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen ere egingo dituzte kontzertuak.
Kontzertua. Azaroaren 4an, Lugaritz kultur etxean, 21:00etan. Sarrera: 8 euro. Diskoa. ‘Bikote bat’. Jabier Muguruzaren hamaikagarren diskoa da. Mikel Azpirozek pianoarekin jantzi ditu haren abestiak.