Godzilla Vs. King Kong
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Zinemaldiaren historia biltzen zuen dokumental sailaren tituluetan ikusi genuen: japoniar mitologiako munstroa, Godzilla bera, Igeldoko jolas parkea eta hotela suntsitzen. Ideia, ordea, ez da berria. Kuraia musika taldeak, Piztu da piztia diskoaren azalean, munstroa Maria Cristina hotelaren zelatan jarri zuen. Bata eta bestea, Berria egunkariak 2007ko urrian Judas Arrieta artista hondarribiarrari egindako elkarrizketaz akordatu naiz. Kontxako badian bi mustro borrokan jartzea zuen amets Euskal Herriko artisten artean Txinara salto egiten lehenetakoa izan zenak. Aurreratu zaizkio ba! “Karju” hitzak “piztia bitxia” esan nahi du japonieraz; eta aspaldi da halakoak gurean direla. Azken urteotan hiria kudeatu dutenek, boteretsuek ezarritako – merkatuaren– arauak modu absolutuan onartu dituzte. Arau horiek eremu politiko eta sozialari gailendu zaizkio, Marxek zehaztu bezala, ekonomikoa denaren nagusitasuna erabat baieztatua delarik. Eta neoliberalismo basatiaren lege horien azpiratzeak, aipatu legeak halabeharrezko bilakatu dituela dirudi. Naturako legeez ari bagina bezala, Godzilla eta King Kong egiazko joko bagenitu legez. Kapitalismoa naturaltzat dugu, berezko; besteak dira ideologia darabiltenak. Eta Terry Eagletoni kasu eginez, agintari ohientzat halitosia bezalakoa da ideologia: hurkoarena bakarrik antzematen da. Donostia dualizazio sozial argi baterantz zuzendua izan da. Multikulturala eta irekia? Nekez onartu da turismoa eta negozioan oinarritutako hiri eredua zikindu zezakeen edozein asmo; artean bestelako onuren gainetik herritarra lehentasun zutenak. Eta honek bilakatu ditu munstro turismo nahiz negozio. Zein den Godzilla, zein King Kong, norberak erabaki dezala fantasiazko gustuen arabera. Eta ez nau izutzen munstro biren arteko borrokak, munstro bi baino, buru biko piztia baita; halakoa edukitzeak hirian dituen ondorioak baizik. Hauts eta hondakinen artean, Donostian izenez bederen, gutxi aipatu den gentrifikazioa azaleratuko da. Hiritarren beharren gainetik, hiria bere osotasunean ekonomikoki baliagarri egiten duen prozesua, alegia. Zinemaldia amaitu eta beldurrezko eta fantasiazkoa heldu artean, Aiako Harritik jentilak noiz jaitsiko zain egon behar al dugu?