AEBetako The Get Up Kids taldea.
The Get Up Kids eta Mantisaren kontzertuarekin hasiko da programazioa gaur
Donostikluba jaialdiak musikaz betetako bi astebukaera eskaini zituen Gazteszenan. Orain udazkeneko zirkuituaren txanda heldu da. Doka, Komplot, Altza kultur etxea, Gazteszena, Kontadores eta Lugaritz kultur etxea musikaz blai izango dira hurrengo hiru hilabeteetan; guztira hamabi taldek parte hartuko dute. Iaz jarri zuten abian zirkuituaren ekimena, eta 1.800 musikazale inguru erakarri zituen. Emanaldi hauetarako sarrerak 5 eta 18 euro bitartean eskuratu ahal izango dira; eta askotariko musika estiloak bilduko ditu, bertakoak zein nazioartekoak.
Zirkuituko lehen zuzenekoa Dokan izango da, etzi, asteazkena, 20:30ean. AEBetatik The Get Up Kids taldea etorriko da. Kansas hirian, Missourin, sortu zen rock boskotea. AEB eta Europan urtebetean berrehun kontzertu baino gehiago egin zituzten. ‘Something to write about’ (1999) lehen diskoa egin zuten. Hamar urteko ibilbidea egin ondoren taldea desegin egin zen. 2005ean egin zuten azken zuzenekoa euren jaioterrian. 2008 urte bukaeran, ordea, berriz elkartu ziren. Aurten ‘There Are Rules’ lana aurkeztu dute.
Bihar, emanaldi berean, Zarautz eta Donostiako Mantisa taldeak joko du. Euskal hardcore eszenan sortutako laukoteak lehen diskoa kaleratu zuen iaz, eta jada bigarrena prestatzen ari da. Sarrerak gaur eskuratuz gero 15 eurotan daude salgai; bihar, berriz, leihatilan, 18 eurotan.
Hurrengo zuzenekoa Komplot aretoan izango da, urriaren 29an, 23:00etan. Rusty Warriorsen kontzertua izango da. Cuenca eta Bartzelona artean sortutako bikote elektronikoa da.
Azaroko lehen astebukaeran, 4an eta 5ean, Altza kultur etxeak hainbat hip hop eta rap talde hartuko ditu gonbidatu gisa: Ivan Nieto, Darmo, Indarrap, Lirika de Cerdos eta los Chikos del Maiz. Bi zuzenekoak 21:00etan hasiko dira.
Azaroaren 10ean Kataluniako Cat People taldeak hirugarren diskoa aurkeztuko du Gazteszenan: ‘Love Battle’ (2011). Haiekin batera izango da Getxoko Smile taldea. Azaroaren 11n, berriz, indie elektronikoa izango da nagusi. Texasko Neon Indian taldea izango da zuzenean Kontadoresen. Eta azkenik, The Wave Pictures talde ingelesa. David Tattersall buru duen taldeak hamar urte egin ditu rock munduan. Lugaritz kultur etxeko eszenatokian izango dira abenduaren 17an.