Zokoa, gogoeta gunea
Kaebnai elkarteak bere zokoa ireki du, aurten ere, Groseko Inmaculadaren ikastetxean; abenduaren 1a arte bisitatu ahal izango da.
Groseko Inmaculadaren ikastetxera sartu, eta Ekialdeko merkatuen irudia gogora ekarriko duen usaia nabarituko dute bisitariek. Izan ere, Kultur Arteko Ekintza Berria–Nueva Accion Intercultural, Kaebnai, elkarteak, azkeneko urteetan bezala, bertan antolatu baitu bere zokoa.
Ategorrieta hiribidearen 17aren atea zeharkatzean kultur arteko zokoaren eremura sartuko da bisitaria. Ekimenaren helburu nagusia «elkarbizitzarako eta gogoetarako gunea sortzea» dela diote arduradunek. Ainhoa Martinek dioenez, «jatorri askotako boluntarioak gaude hemen; Nepal, Togo… eta baita Pasaiakoak ere!».
Kanpotik etorritako jendea balio positiboekin eta beraien ekarpenekin lotzea bilatzen dute Kaebnaiko kideek ekimen honekin. Modu horretan, merkatua irudikatzen duen gela jatorri ugaritakoak baina eguneroko bizitzan Donostian bertan ohikoak diren objektu eta produktuez beterik dago. Honen adibide dira Brasilgo kakahueteak edota bizikletaren jatorria Egipton dagoela dioen kartela.
Abenduaren 1a arteko aste egunetan bisitatu ahal izango da Kaebnai zokoa; goizetan Gipuzkoa osoko hainbat ikastetxetako 10 eta 17 urte bitarteko haurrak joaten dira; arratsaldeetan, berriz, 16:00etatik 19:00etara donostiar orori irekita dago. Horrek edukiak maila ezberdinetan prestatzea eta egokitzea ekarri du.
Martinek dioenez, tailerretan haur zein helduak «bestearen tokian» jartzea bilatzen dute. Hori dela eta, bisitariak taldeka banatzen dituzte, eta tailerretan parte hartzeko baliabide ezberdinak ematen dizkiete. Horrela errealitatean gertatzen diren desoreken «adibidea» ematen diete. «Esaterako, jostailu txikiak egin ditzaten osagai guztiak ematen dizkiogu talde bati, beste bati erdia eta beste bati ia ezer, beraiek ere kontinenteen arteko aldea irudika dezaten».
Sentsazioak, objektuak eta jolasak erabiltzen dituzte Kaebnaiko kideek bere zokoan, gizakiak gauza bertsuak modu ezberdinetan egiten dituzten espezie bereko kideak direla adierazteko. Eta hori guztia denentzat zabalik.