Intimitatearen aldeko aldarrikapena "gustu txarreko iseka" dela dio Eguzkik
Zaborra behar bezala uzteko neurriak zikintzeko eskubidearen gainetik daudela dio, PSE-EEri erantzunez
Zaborra bere lekuan eta tokian uzten ez duten herritarrak bilatzeko, udal langileak zabor poltsak ireki eta miatzen aritu direla salatu zuen PSE-EEko zinegotzi Denis Itxasok. Eguzki talde ekologistak, ordea, zinegotziaren jokabidea kritikatu du eta zaborra biltzeko eskubideak ez duela udal araudiari muzin egin eta ez birziklatzeko eskubidea ematen adierazi dute. Denis Itxasok intimitatea bermatzearen alde egindako aldarrikapena «gustu txarreko iseka» dela diote.
Banketxe, udal eraikin edota autobusetako kamerak, TAO txartela lortzeko eman behar diren datuak… nonahi eta noiznahi hamaika datu pertsonal eman behar direla aditzera eman dute. «Donostiarrei ezarritako ‘Anaia Handi’ hortaz ez dira sozialistak arduratu», salatu dute.
Elorza alkate zen garaian, Itxasok Ingurumen zinegotzi ardura izan zuela eta orduan Parte Zaharreko zabor bilketari irtenbidea bilatu izan balio hobe izango zuela adierazi dute. Kaleak «zikindu eta kutsatzeko askatasuna» ematen duen sistema hobetzea, ordea, ez dela sekula PSE-EEko kidearen kezka izan kexu dira.
Zaborra behar bezala uzteko neurriak, beraz, jokabide arduragabeak zuzentzeko balio dutela eta zikintzeko eta kutsatzeko eskubidearen gainetik daudela adierazi dute.