Gizartearen ispilu barregarria
‘Wilt, panpina puzgarriaren hilketa’ antzezlana taularatuko du Ados Teatroak, Antzoki Zaharrean
Fernando Ruiz, Aktorea:
“Sarjentuaren laguntzailea naiz, pertsonaia inuzentea”
Telebistan, mintzalagun bila dabilen Kerman euskaldun berriarena egiten du. Etxeko txikienen artean, ordea, Txirri Junior bezala ezagunagoa da. Wilt, panpina puzgarriaren hilketa antzezlanean, hainbat pertsonaia antzeztuko ditu. Donostiar beraren aurpegiak dira guztiak ere; Fernando Ruiz (Gros, 1980). Izatez haur hezkuntzako irakaslea den arren, aktore gisa bere ibilbidetxoa osatzen ari da, eta horren berri zehatzagoa eman dio Irutxuloko Hitzari.
Zein pertsonaia egiten duzu Wilt, panpina puzgarriaren hilketa antzezlanean?
Sarjentuaren laguntzailea naiz, pertsonaia inuzentea. Hilketa argitzeko probak lortzen saiatuko naiz, baina benetan sarjentua izango da guztia argituko duena. Antzezlanean guztira 20 pertsonaia daude, eta nik horietatik lau egiten ditut; Eleneren senarra Gaston, zuzendaria, zaindaria eta obrako arduraduna. Pertsonaia horiek Koldo Losadarekin banatu ditut, herri batzuetan bera arituko da, eta beste batzuetan ni. Biek ezin baitugu saio guztietara joan. Donostian, esaterako, bera izango da taula gainean, nik Txirri, Mirri eta Txiribiton Juniorrekin saioa baitut.
Nola moldatzen zara lan guztietara iristeko?
Telebistarako Kermanen grabaketekin maiatzean bukatu genuen, baina oraindik ere botatzen jarraitzen dute. Izatez, haur hezkuntzako irakaslea naiz, baina denbora izaten dut aktore lanetarako. Wilt-en antzezlanerako entseguak, esaterako, Gabonetan izan ditugu, eta nahiko ongi moldatu naiz.
Hasieran Txiribiton Junior izan zinen, baina orain Txirri Juniorrena egiten duzu, ezta?
Bai. Hasieran, Txirri Juniorrena Mikel Otaegik egiten zuen, Txirriren semeak. Baina beste lan batengatik utzi egin behar izan du. Beraz, nik egiten dut Txirri Juniorrena, eta Txiribiton Juniorrena Juanma Zalduak egiten du.
Baduzu beste proiekturen bat eskuartean?
Egia esan, oraingoz, nahikoa lan dut. Irakasle lanaz gain, Txirri, Mirri eta Txiribiton Juniorrekin Barre egin ikuskizunarekin nabil; eta Euskadi Irratian igandero haurrentzako Tortolika saioa ere egiten dugu.
Nolatan hasi zinen aktore lanetan?
Betidanik izan dut gogoko aktoreen mundua. Donostiako TAEn hasi nintzen 18 urte nituela, Taller de Artes Escenicas delakoan. Ondoren, horrekin zerikusia zuten lan asko egin nituen; produkzioan aritu nintzen hamar urtez Txirri, Mirri eta Txiribitonekin, eta gero, aktore bezala, lan txikiekin hasi eta pertsonaia garrantzitsuagoetara iritsi naiz. La buena nueva filmean ere parte hartzeko aukera izan nuen, esaterako.
Zein arlo da gogorrena?
Aktore lana izanda ere, telebistakoa oso azkarra da. Antzerkiak filmeetako lanaren antza handiagoa du; egindakoa ahaztu eta berriro egin behar duzu. Antzerkia gogorra da, pertsonaia oso ongi zaindu behar duzu eta kontuan izan behar da ikusleak zure aurrean dituzula.
Antzezlana
Tom Sharpe idazle ingelesaren eleberri bat antzerkira egokitzen ausartu den lehena izan da Ados Teatroa. Wilt eleberria aukeratu dute antzezteko, diotenez, idazlearen lanik dibertigarriena eta ezagunena. Ibilbidea behintzat, zabala izan du, 22 hizkuntzetara itzulia izan baita, eta 10 milioi ale baino gehiago saldu dituzte. Hala, eleberriko istorioa oinarri hartuta, Wilt, panpina puzgarriaren hilketa antzezlana osatu dute. Errenteria-Oreretako Niessen kulturgunean egin zuten estreinaldia, duela hiru aste, eta beste herri batzuetatik igaro ostean, Donostiara iritsi da. «Estreinaldia euskaraz bakarrik egitea erabaki dugu. Bi hizkuntzetan batera prestatu izan ditugun lanetan, gaztelerazkoak euskarazkoak baino eskaera handiagoa izan duelako», azaldu du Garbi Losada zuzendariak. Era horretara, euskarazko bertsioari bultzada handiagoa eman nahi izan diote, eta gazteleraz, agian, udazken aldera estreinatuko dutela azaldu du.
Hogei pertsonaia inguru antzeztuko dituzte taula gainean egongo diren bost aktoreek, eta ikusleek hasieratik barre egingo dutela ziurtatu dute. Finean, honako gertaerak nahastuko dira: Literatura irakasle baten emaztearen desagertzea, hormigoi azpian lurperaturiko panpina puzgarri bat, polizia ikerketa zoro bat, eta beste hainbat egoera surrealista. «Istorio nahasi bat erabiltzen du Sharpek, duela 30 urteko gizartearen begirada sarkastikoa egiteko», argitu du zuzendariak. Edonola ere, gizarte hori gaur egungoaren oso antzekoa dela diote aktoreek, eta orain arte antzeztutako antzokietan, oso harrera beroa jaso dutela.
- Zer. Wilt, panpina puzgarriaren hilketa antzezlanaren estreinaldia Donostian.
- Noiz. Otsailaren 4ean eta 5ean, 20:00etan.
- Non. Antzoki Zaharrean.
- Aktoreak. Mikel Laskurain, Isidoro Fernandez, Aitziber Garmendia, Miren Gojenola, Koldo Losada eta Fernando Ruiz.
- Zuzendaria. Garbi Losada.
- Sarrerak. 15-18 euro.