Luiziak kaltetutako familia gehienak gaur itzuli ahal izango dira etxera
Joan den otsailaren 7an Jolastokieta kaleko zenbait bizilagunek etxetik joan behar izan zuten luizi baten ondorioz. Altzako zazpi sendik etxetik kanpo pasa dituzte egun hauek, mendi magalean hormigoia bota duten arte. Gehienek gaur izango dute etxera itzultzeko aukera.
Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok adierazi duenez, “mendi magala egonkortzeko lehendabiziko lanak bukatu dira, eta ondorioz, Jolastokieta kaleko 12. eta 14. zenbakietan bizi ziren herritarrek etxera itzultzeko aukera izango dute, segurtasun baldintzak betetzen baitira”. Kaltetuenek, ordea, 10. zenbakiko familiek, aste batzuk itxaron beharko dute etxera itzultzeko.