Altxerri galeriak ukatu egin du Asins artistaren koadroak behar ez bezala saldu dituenik
Donostiako Altxerri arte galeriako arduradunak “suminduta” agertu dira gaur. Elena Asins artistak bereak diren sei marrazki sinadurarik gabe saldu izana leporatu die-eta. Madrilgo Arco arte azokara hainbat artisten obrak eraman ditu Altxerrik. “Hamabost urte dira Asinsekin lanean hasi ginenetik. Bere obra Arco azokara eramango genuela adostu genuen. Asins, ordea, obra erakusteko ezinezkoak ziren baldintzak jartzen hasi zen”, adierazi dio Juan Ignacio Velilla arduradunak EFE agentziari.
Asinsek Altxerri galeriari bere obra saltzeko baimenik ez diola eman esan du. Velillak obrak azoka batera eramateko orduan ez dutela artisten baimenik behar azaldu du. Galeristek haien ustez egokienak diren obrak hautatzen dituztela esan du. Velillak dio salaketa “faltsua” dela eta Asinsen marrazkiek sinadura dutela argitu du: “Arco azokako zuzendaritza batzordeko kideek jada baieztatu dute sinadurak benetakoak direla”. Galerista donostiarraren ustez, Asinsen akusazioa “oso larria” da, eta hurrengo urtean 30 urte beteko dituen galeriaren prestigioa kaltetzen duela: “Guk hasieratik egin genuen Asinsen obraren aldeko apustua, asko gustatzen zitzaizkigun bere mararzkiak. Orduan ez zuen inork bere alde egin”. Altxerrik Arcora eramandako eta hautsak harrotu dituzten Asinsen sei marrazkiak salduta zeudela adierazi du Velillak: “Orain bi eroslek atzera egin dute, polemika dela-eta izutu egin direlako”.