Hango eta hemengo irudiak, 'klik' batean
Kutxa Fototekako milaka argazkietatik 316 aukeratu ditu Juantxo Egañak, eta Kubo aretoan bildu ditu ‘Phocus. Bilduma baten argazkia’ erakusketan.
Garai, toki eta era guztietako argazkiz bete dute Kursaaleko Kubo aretoa. Kutxa Fototekako 160 argazkilariren milioi bat argazki baino gehiagoren artean bila ibili da Juantxo Egaña (Donostia, 1961). Horietatik 316 irudi hautatu ditu, eta Phocus. Bilduma baten argazkia erakusketa osatu dute. Kutxa Fototeka 1973an sortu zen, Pascual Marin eta Fotocar argazki-funtsak Donostiako Udal Aurrezki Kutxak eskuratu zituenean.
Ordutik bilduma gehiago erosiz joan da Kutxa, eta gaur egun, Europako argazki artxibo garrantzitsuena da. Erakusketaren aurkezpena atzo goizean egin zuten, eta «argazkilaritzaren eztanda» dela esan zuen Cristina Belokik, Kutxako aretoetako zuzendariak. Azken batean, argazkilaritzaren hasierako irudietatik hasi, eta irudi berrienetara arteko ibilbidea egin daiteke Kubon.
Kutxaren nahia, «ondarea gizarteratzea» dela azaldu zuen Carlos Ruiz komunikazio zuzendariak. Hala, altxortzat dituzten argazkiak errekuperatzen, kontserbatzen eta gizarteratzen jarraitu nahi dute arduradunek. Bide horretan, Kutxa Fototekako ondare guztia Interneten jartzea dute helburu.
Donostiaren bilakaera
Phocus erakusketako argazkiak ez daude hurrenkera kronologikoan jarriak, sailen arabera baizik: Kamera Iluna, Lehenengo Prozesuak, Argazkilaritza Antropologikoa, Erretratua, Paisaia, Arkitektura, Biluzia, Natura Hila, Argazki-Kontakizuna eta Fotomekanika. Sail horien artean, Hiri Metamorfosia izeneko tartea dago. Bertan, Donostiaren bilakaeraren lekuko izan diren hainbat argazki bitxi ikus daitezke. Besteak beste, hiria bisitatu zuten zirku bateko elefanteak Kontxako uretan garbitzen.
Erakusketaren harira, zenbait hezkuntza-jarduera egingo dituzte familia guztiarentzat. Besteak beste, larunbatero, bost eta hamar urte arteko haurrentzako tailerra egingo dute, 12:00etatik 13:30era.
Erakusketa
- Zer. Phocus. Bilduma baten argazkia erakusketa. Juantxo Egañak Kutxa Fototeka bildumatik hautatutako 316 argazki.
- Non. Kursaaleko Kubo aretoa.
- Noiz. Maiatzaren 13ra. Asteartetik igandera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
- Sarrera. Doan.