'Oihana ikastolan izan arte'
Elixabete Iparragirre, Aitor Ikastolako Langileen Batzarra
70 egunetik gora dira ikastola zu gabe dela. Ehunka zure lankidetzaren faltan joan diren orduak. Zenbaezinak elkarbanatu behar genituen bizipen eta pasarteak, amaigabeak bete ezinak izango diren hutsuneak. Zentzuak eta bihotzak etxean behar zaitugula oihukatzen duten bitartean, beste berri ankerra heldu zaigu: zure urruntzea. Lau egunetan non zinen jakin gabe egon ostean, esan digute ikastolatik, gugandik, etxetik, ia 500 kilometrotara eraman zaituztela, Avilara. Konponbide eta demokrazia eskarien aurrean, dispertsioaren gainzigorra eta krudelkeria eskaintzen dizkigute. Etxeko epeletik aldendu nahi zaituzte, distantziak eskarien indarra lausotuko duelakoan-edo. Baina jakin badakite, bidegabekeria den bitartean aurre egiten jarraituko dugula. Ikastolan izateko eskubidea defendatuko dugu! Hori dela eta, bihar, otsailaren 21ean, zure urruntzea eta dispertsioa salatzeko elkarretaratzea egingo dugu, arratsaldeko 16:45etan, Egian–Egia eta Karmengo Ama kaleen bidegurutzean–. Ikastolan behar zaitugulako! Oihana etxera!