Hondakinak bereizten ikasteko 11 egunez biziko dira Gipuzkoa plazan
Olaiaren erronka izango da birziklatzea Aitorren eta gainontzeko herritarren eguneroko ohitura bilakatzea
Ez du ikus-entzuleak entretenitzeko asmoa, birziklatzen ez duten herritarrak hondakinak bereiztera bultzatzea baizik. Olaia Gil Sanchezek eta Aitor Beltran, Anaia Handia saioaren antzera, 30 metro koadrora iristen ez den apartamentu batean biziko dira hamaika egunez 10:00etatik 20:00etara «birziklatzeak duen garrantzia erakusteko». Ekimena San Marko Mankomunitateak, Ecoembesek eta Ecovidriok antolatu dute.
Gipuzkoako plazatik igarotzen direnek Olaiak eta Aitorrek beren apartamentuan zaborrarekin izaten dituzten gorabeheren jarraipena egin ahal izango dute. «Olaiak birziklatu egiten du. Aitorrek, berriz, ez ditu hondakinak ondo bereizten», azaldu du Ainhoa Intxaurrandieta San Marko Mankomunitateko presidenteak. Aitorri birziklatzen irakastea izango da Olaiaren erronka, hortaz. Bikoteak, azken batean, edozein etxeetan sortzen diren zalantza eta egoerei buruzko aholkuak emango dituztela zehaztu du Intxaurrandietak.
Ekimenaren helburua birziklapena sustatzea eta eguneroko bizitzan txertatu beharreko konpromiso bilakatzea da. Alegia, Olaiaren erronka mankomunitateko herritar guztiena izatea. Apartamentu ibiltaria izango da. Martxoaren 11n Gipuzkoa plazatik Pasai Antxora mugituko dute. Handik Lasarte-Oria eta Errenteriara.
Lehiaketa
Anaia Handiak bezala, Olaiaren eta Aitorren bizipenak ezagutzeko hainbat bitarteko eskainiko dituzte. Gazteek hondakinak eta ontziak ondo bereizten ikas dezaten eta birziklatzeko ohitura ahalik eta herritar gehienen artean zabal dadin, Olaiarenerronka.net bloga zabaldu dute eta zuzenean zertan ari diren begiratu ahal izango da. Facebook eta Twitter bidez ere jarraipena egin ahal izango da.
Ekimenarekin bat egiten dutenek, gainera, Mugaritz jatetxean bi lagunentzako afaria irabazteko aukera izango dute. Lehiaketan parte hartzeko, zaborra nola bereizten duten erakusten duten argazkiak bidali beharko dira olaiarenerronka @gmail.com helbidera.
Mugaritz jatetxea gidatzen duen Andoni Luis Aduriz sukaldaria gonbidatuko dute gaur Olaiak eta Aitorrek apartamentura. Olaiak jatetxeko sukaldean sortzen den zabor mordoa birziklatzeko zer egiten duten galdetuko dio. Aduriz lehenengoa izango da, baina beste hainbat lagun gonbidatuko dituzte hurrengo egunetan nola birziklatzen duten kontatzera.